Domekan oroimen ekitaldia egingo dute gerraren eragina jasan zuten zornotzarrak omentzeko

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 20a, 09:46

Zornoza elkarte kulturalak antolatu du ekitaldia. 12:00etan egingo dute, Zelaieta parkean, Alaiak abesbatzak lagunduta

Zornoza kultur elkarteak urteak daramatza gerrako biktimei aitortza egiten, eta aurten ere ekitaldia egingo du Zelaieta parkean. Lore-eskaintza domekan izango da, 12:00etan, eta bertan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Alaiak abesbatzako kideak izango dira. Bestalde, elkarteak gogora ekarri du Gregorio Arrien zenak memoria historikoa lantzeko urteetan egindako lana. Abade eta historia dibulgatzaile kortezubiarrak lotura estua zeukan Zornotzagaz. Bertan bizi zen. 2019ko abenduan hil zen.

Erakusketa Zelaieta zentroan
Zornotzako Udalak prestaturiko beste egitasmo bat Amorebieta/Etxano bonbapean izeneko erakusketa da. Erakusketa Zelaieta zentroan dago ikusgai. Ekainaren 3ra arte dago zabalik. Eta bertan, bonbardaketetan botatako jaurtigaiak, argazkiak eta gudarien jantziak ipini dituzte. 

Bestalde, Apaiz kartzela pelikula ikusteko aukera egongo da maiatzaren 31n. Dokumentalean, Zamorako (Espainia) apaiz kartzelan egondako lau abaderen bizipenak kontatzen dira. Tartean, Xabier Amurizaren testigantza. Emankizuna Zornotza Aretoan egingo dute, 20:15ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!