"Amorebietako eta Etxanoko bonbardaketetan eraikinen %75 suntsitu zuten"

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 16a, 14:38

Otxandio, Elorrio, Durango, Gernika,... eta Zornotza. Asteon 85 urte betetzen dira Amorebieta eta Etxano bonbardatu eta udalerri biak frankisten esku geratu zirenetik. Zornotzako Udalak eta elkarteek ekitaldi ugari antolatu dute gertaturikoa ahaztu ez dadin. Tartean daude ikerketa-liburua, ekitaldia, lore-eskaintza eta sirena hotsa.

"Hotzikara eragiteko modukoa, gorputzaldi txarra uzten duen horietakoa". Luziano Martínez kultura eta kirol zinegotziak adiera horrekin deskribatu du Gerra zibilak Zornotzan eragin zuen sarraskia. Bonbardaketari loturiko datuak aipatu besterik ez dago suntsiketaren ideia bat egiteko: "[Jaurlaritzako] memoria historikoaren atlasaren arabera, maiatzaren 14tik 17ra bitartean, 49 bonbardaketa egon ziren Amorebietaren eta Etxanoren kontra. Herriko eraikinen %75 suntsitu zuten", azaldu du. "Normalean, bonbardaketak Gernikan, Durangon, Otxandion,... gertatu zirela kontatzen da. Hala ere egindako ikerketarekin jakin da Amorebietak eta Etxanok lehen aipatutako udalerriek adina bonbardaketa jasan zituztela. Gernika edo Durangorekiko aldea da, gure kasuan ez dagoela hori berresten duen dokumentu grafikorik", gaineratu du. Hain zuzen ere horregatik, Amorebietako eta Etxanoko bonbardaketak ahanzturan geratu ez daitezen, eta gerra zibilak eragindako min guztia gogora ekartzeko, udalak egitarau berezia antolatu du. Horren zati bat berriki bukaturiko ikerlana da.

Ikerketa liburua

Aranzadi zientzia elkarteak ikerlan bat egin du Zornotzako Udalarentzat, eta bertan batu ditu 1931ko Espainiako errepublikaren arotik 1945eko gerraoste frankistara arteko testigantzak eta informazioak. Andoni Agirrebeitia alkateak adierazi duenez, Aranzadik "uste baino dokumentazio gehiago" topatu du. Salamancako edo Cadizeko artxiboetan aurkitu dute informazioaren zati bat. Eta Zornotzan bertan beste bat. Bertako herritarren testigantzak baliatuta. Luziano Martínez zinegotziaren arabera "hiru arrazoi nagusi" daude hainbeste dokumentazio topatu izateko: "Bilboko burdin-hesia jausi aurretik, frontea bete-betean kokatu zen gure udalerrian. Frontea ekialdetik sartu zen eta Amorebieta eta Etxano zeharkatu zituen; beraz, gure udalerriak bonbardaketa ugari jasan zuen. Bestetik, gerrako odol-ospitalerik garrantzitsuena gure herrian zegoen kokatuta. Eta, azkenik, garrantzitsua baita ere: Espainiako estatuko emakume kartzela inportanteena ere gure udalerrian zegoen", azaldu du.

Maiatzaren 18a, data esanguratsua

Amorebieta eta Etxano 1937ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean bonbardatu zituzten, eta hurrengo egunean, maiatzaren 18an geratu ziren udalerri frankisten menpe. Hori gogora ekartzeko ekitalditxoa egingo dute eguaztenean, 85. urteurrenagaz bat eginda. 12:00etan sirena hotsa entzungo da eta gerra zibileko kamioi bat herrian sartuko da hiru errekete gainean dituela, tropa frankisten sarreraren itxurak eginez. Jarraian, pebetero bat piztuko dute.

Ekitaldiek arratsaldean izango dute segida. Javi Buces Aranzadiko kideak eta Aitor Pescadorrek ikerlana jasotzen duen liburua aurkeztuko dute: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua. Bestetik, Iban Gorriti kazetari durangarrak bisita gidatua egingo du bonbardaketari buruzko erakusketan zehar. 

Lore eskaintza domekan

Maiatzaren 22an, domekan, sirena hotsak entzungai egongo dira berriro ere. Izan ere 1937ko maiatzaren 22an ere beste bonbardaketa bat egon zen udalerriaren kontra. Gero, Zornoza Elkarte Artistiko eta Kulturalak lore-eskaintza egingo du Zelaieta parkean, biktimen omenez.

Udal ordezkariak, ikerlana deskribatzen duen kartela eskutan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!