Zornotzako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlana hasi dute herriko memoria historikoa dokumentatzeko. Espainiako Gerra Zibilean eta Frankismoaren lehenengo urteetan Zornotzan egondako errepresio-gertakariak dokumentatu gura dituzte ikerlan batean. Udalak eta Aranzadik herritarrei dei egin diete garai hartako gertakariren baten edo testigantza- ren baten berri balute, Aranzadigaz harremanetan ipintzeko. Askotariko informazioa partekatu liteke: Norbere familiako kideren batek jasan behar izan zuen gertakari- ren bat, daturen bat, argazkiren bat. Funtsean, isilpean geratutako oroitzapenen bat. Guztiak balio du, errepresioak aurpegi asko izan baitzituen. Javi Buces Aranzadiko oroimen historikoaren saileko arduraduna da. Bere esanetan, errepresio mota batzuk artxiboetan gelditu dira, eta horrek, neurri batean, ikusga- rritasuna eman dio errepresio mota bati. "Baina gero badira beste erre- presio mota batzuk inon idatzita gelditu ez direnak. Emakumeek jasandakoa esate baterako. Hori ez da artxiboetan agertzen", dio. Horregatik ipini dute azpimarra errepresio mota guztiak biltzeko asmoan. "Zer gertatu zen herritarren bizitzetan? Nola eragin zien errepresioak herri- tarrei? Horrelako informaziorik ez da artxiboetan agertzen", dio Bucesek. Zentzu horretan, giza eskubide guztien urraketak hartu gura dituzte kontuan. Hilketak, erbestea, tratu txarrak. Eta baita herritarren sufrimendua bere horretan ere.
Deia herritarrei
Testigantzak batzeko hainbat bide ipini dituzte zornotzarren eskura. 943466142 telefonora deitu edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzi daiteke. Bestalde, udalak bulego bat ipiniko du herritarren testigantzak hartzeko. Astean behin zabalduko dute bulegoa.