Olatz Arrizabalagak, Beñat Zubizarretak eta Beñat Apezetxeak jantzi dituzte Master Kaiolako txapelak, Zornotzan

Anboto 2022ko mai. 9a, 12:08

Atzo jokatu ziren finalak Amorebieta IV pilotalekuan.

Lau t'erdiko hiru final jokatu ziren: emakumeetan, gazteetan eta 22 urtez azpikoan. Emakumeetan Olatz Arrizabalagak Amaia Aldai menderatu zuen: 22-18. Arrizabalaga 18-10 aurreratu zenean, Aldaik erreakzionatu egin zuen eta 18-15 jarri zen, tanto politak eginda. Baina orduan bi pareta bat txapapera joan zitzaion. Gerora berriro saiatu zen, baina Arrizabalaga txapagaineko batekin heldu zen 22ra.

22 urtez azpikoa klase handiko norgehiagoka izan zen, pilotari gazte eta oso gazte baten artekoa. Maila altuko norgehiagokan, bi pilotariak gauza asko on erakutsita heldu ziren lan erdietara, pare-parean: 10-11. Gerora, 15-15 eta 18-19 ere joan ziren. Une horretan, beste tanto gogor batean, Zubizarretak dotore amaitu zuen tantoa txokoan. Hurrengo biak ere berarentzat izan ziren eta txapela Gipuzkoara joan zen: 18-22, Zubizarretaren alde.

Apezetxea 1-10 galtzetik 22-12 irabaztera

Gazte mailako finalean Beñat Apezetxeak 22-12 menderatu zuen Arkaitz Eskuza. Partiduak zati bi izan zituen. Hasieran Eskuzak gogor astindu zuen pilota eta 1-9 aurreratu zen. Baina Apezetxea pilotari abila da eta sakea berreskuratu zuenean erremate zoragarriak egin zituen. Eskuza ezinean ibili zen. Hamaikanako berdinketaren ostean, Apezetxea ia zuzenean joan zen 22ra.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!