Atzo arratsaldean Jon Larrea klubeko presidentea eta Asier Goiria kirol zuzendaria Iñigo Velez de Mendizabalekin batzartu ziren eta orduan eman zioten erabakiaren berri. Erabaki "oso mingarria" dela, baina "Smartbank ligari eusteko denboraldi hasieran jarritako helburua lortzeko beharrezko eta komenigarria dela kobentzituta" hartutakoa dela adierazi dute klubetik ohar baten bidez.
Atzo arte bigarren entrenatzailea izan den Haritz Mujikak hartuko du lehenengo taldearen ardura eta berak gidatuko du gaurko entrenamendua.
Iñigo Velez de Mendizabalek hiru urte eta erdian egindako lan "bikaina" eskertu dute zuzendaritzatik. Denbora horretan Hirugarren Mailara jaistekotan egotetik Bigarren Mailarako igoera historikoa lortzera eraman du taldea. "Beti portaera eredugarria izan du profesionalki, primerakoa kirol arloan eta bikaina pertsona moduan. Onena opa diogu aurrerantzean", adierazi dute.
Gaur egun, Amorebieta Smartbank Ligako azken hirugarren tokian kokatuta dago, hau da, jaitsiera postuan. Liga amaitzeko 12 jardunaldi falta dira eta salbazioa zazpi puntura du.