Amorebietaren igoera

“Urte batzuk daramatzagu erakusten talde handiei irabazteko kapaz garela”

Joseba Derteano 2021ko mai. 28a, 09:30

Orain urre kolorekoa da dena, baina beti ez da horrela izan. Orain hiru urte, Amorebieta zuzentzen hasi zen urtean, estuasunak ere pasatu zituen Iñigo Velez de Mendizabalek. Taldea jaitsiera postuan zegoela, egoerari buelta emateko formula topatu zuen eta harrezkero gora eta gora egin dute, zeruetaraino heldu arte.

Nork esango zizun zure estreinako denboraldian, lehenengo itzulia jaitsiera postuan amaitu zenutenean, gaur zaudeten lekura helduko zinetela!
Benetan be! Hamasei puntugaz amaitu genuen lehenengo itzulia. Taldea txarto zebilen. Horren ostean, fitxaketa inportanteak egon ziren, eta baita sistema aldaketa bat ere. Zorionez, hobera egin genuen. Baina hasiera benetan gatxa izan zen. Futbol munduan zer pazientzia gutxi egon ohi den ikusita, beste talde batean beharbada ez ninduten karguan mantenduko, baina bai Asier Goiria kirol zuzendariak eta bai Jon Larrea presidenteak konfiantza izan zuten nigan eta begira orain non gauden, Bigarren Mailan.

Igo eta segituan eskainitako prentsaurrekoan zenioen lorpena barneratu barik zenuela. Dagoeneko asimilatu duzu?
Oraintxe hasi naiz barneratzen. Lehenengo partidua irabazten zentratu ginen. Horixe bakarrik geneukan buruan, partidu hori irabazi behar zela, ondorioetan pentsatu barik. Partiduaren ostean, poza eta ospakizuna izan zen dena. Egun batzuk joan dira eta, apurka-apurka, zer lortu dugun barneratzen gabiltza.

19.000 biztanleko herri batentzat mirari txiki bat izan da?
Bai, baina ez biztanle kopuruagaitik bakarrik, baita izan dugun aurrekontuagaitik ere. Eta noren aurka jokatu dugun. Lehenengo fasean, Reala B, Bilbao Athletic, Racing Santander… Bigarren fasean Tudelano eta Calahorra, besteak beste. Azken hauek ez dute aurrekoen sona, baina aurrekontu handia dute. Eta, jakina, Badajoz bera ere multzo horretan sartu behar da.

Eta Davidek zelan aurre egin die Goliath horiei?
Urte batzuk daramatzagu erakusten talde handiei irabazteko kapaz garela. Gainera, handien zelaian bertan: Burgosen, Santanderren, Leonen… Azkenean, partiduak planteatzeko gure modua berdina da beti. Aurkariaren jokatzeko modua aztertu eta partidua prestatzen dugu. Hortik abiatuta, partidu bakoitza irabazi behar dugula konbentzituta joaten gara.

Superliga babesten duten handikiei erakusteko moduko lorpena izan daiteke.
Bai, ados nago. Amorebietaren lorpena Zornotzarentzat, Bizkaiarentzat eta Euskal Herriarentzat garrantzitsua dela ulertzen dut, baina talde umilen ikuspegitik ere oso inportantea dela deritzot. Dirua ez dela dena erakutsi dugu. Lana eta ilusioa daude gure lorpenaren atzean. Horixe da futboletik gehien gustatzen zaidana. Merituak zelaian egin behar direla.

Egun hauetan jaso dituzun zorion mezuen artean, zeintzuk izan dira berezienak?
400 mezutik gora jaso ditut. Mezua jaso, erantzun, berriro jaso… Zoramena. Nire ibilbidean talde askotan egon naiz eta jende asko ezagutu dut. Urteetan hartu-emanik ez nuen jende askoren zorion mezuak jaso izana berezia izan da. Oso pozgarria da. Familiaren eta lagunen mezuak ere bereziak dira, jakina.

Amorebieta Bigarren Mailan gidatuko duen entrenatzailea Iñigo Velez de Mendizabal deituko da?
Hainbeste ospakizunegaz eta joan-etorrigaz oraindino ez gara jesarri berba egitera. Baina nik oso pozik jarraituko nuke Amorebietagaz Bigarren Mailan. Herria, kluba eta jokalariak ondo ezagutzen ditut.

Gaur egungo jokalari taldea kapaz ikusten duzu Bigarren Mailari aurre egiteko?
Bai. Batzuk joan egingo dira eta beste batzuk etorri, betiko moduan, baina blokeak kapaz dela erakutsi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!