Zornotzako gaztetxeak kanporatze agindua jaso du

Ekaitz Herrera 2021ko ira. 15a, 18:48

Eraikinean herritar errefuxiatu bat bizi da eta haren larritasuna kontuan hartu ez dela kritikatu dute gaztetxeko kideek. Aginduaren arabera, urriaren 7rako hustu beharko dute gaztetxea.

Zornotzako Munarri gaztetxeak desalojo agindua jaso du. Halantxik jakinarazi dute gaztetxeko kideek. Jasotako ebazpenak eraikina urriaren 7ko goiza baino lehen hustuta egotea eskatzen du. Horrek, baina, badu albo kalterik. Izan ere, eraikinean herritar errefuxiatu bat ere bizi da, eta gaztetxeko kideek salatu dute haren "larritasuna" ez dela kontuan hartu.

Pasa den apirilean gaztetxea husteko saiakera egon zen. Gazteek ordu hartan adierazi zutenez, desalojo ahalegina "herritarra lanera joandakoan eta etxea hutsik utzitakoan" gertatu zen. Serrailagilea eta Ertzaintza "herritarra eraikinetik noiz irtengo zain" egon ziren, gero serraila aldatu eta eraikina husteko. Azkenean bere horretan geratu zen guztia. Egun hartatik aurrera, gaztetxeko kideek hamar eguneko epea izan zuten eraikinean herritar bat bizi zela justifikatzeko. Gazteek esan dute justifikazio hori egin dutela, baina azpimarratu dute auzitegiak ez duela herritarra "zaurgarritasun egoeran" dagoenik ebatzi. Bestalde, Zornotzako Udalari leporatu diote "eraikinaren jabea den enpresarekiko interesak" izatea.

Mobilizaziorako deia

Munarriko kideek protesta sorta bat prestatu dute desalojoa geldiarazten saiatzeko. Domekero-domekero bizikleta martxak egingo dituzte, 13:30etan Urgozotik hasita. Bestalde, urriaren 6an manifestazioa egitea aurreikusi dute. Ordurik oraingoz ez dute finkatu baina iluntze aldera hasiko da. Gainontzean, gaztetxeko kideek aurrera jarraituko dute orain arte programatutako egitarauarekin. Zapatu honetan eta hurrengoan, adibidez, autodefentsa tailerrak egingo dituzte.

Munarri gaztetxeak garai bateko forja lantegiaren jauregian du egoitza. Vusa eraikuntza enpresa da bertako jabea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!