'Martz' graffitigile zornotzarrak 2.000 eurotik gorako isuna jaso duela salatu du

Anboto 2021ko eka. 29a, 10:06

Artistak kritikatu du Zornotzako Udalak bere hainbat horma irudi ezabatu dituela, eta, adierazi du horma pribatuetan pintatzerakoan jabeen oniritzia izan ohi duela.

Martzel Do Nascimento 'Martz' graffitigile zornotzarrak agerraldia egin du, udalaren partetik 2.000 eurotik gorako isuna jaso dela kritikatzeko. Artistak "kontraesana" ikusten du udalaren partetik. Alde batetik, "betiko kaleko artearen adierazpen batzuk goraipatzen" dituela dio (Haizetara, Zintzilik edo Enrique Rentería txapelketa ), "baina beste adierazpen batzuk ukatzen ditu, esaterako, kaleko hormak euskarri moduan dituztenak". Gainera, artistak salatu du udalak bere hainbat horma irudi ezabatu dituela Zornotzako kaleetatik, eta, aldiz, ez duela gauza bera egin beste egile batzuen irudiekin.

Martzek berretsi du bere irudiekin ez duela inorekiko errespetu faltarik agertzen, eta irudi bat margotzerakoan kontuan izaten duela horma pribatuetako jabeen oniritzia. Agerraldian Martzekin batera egon dira hainbat kulturgile eta kale artista. Arte adierazpen askearen aldeko aldarria egin dute eta udalari eskatu diote 2020ko udan artistari zabaldutako zigor espedientea kentzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!