“Kalean margotzea gustatzen zait, kaleagaz lotura zuzena izatea”

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 22a, 12:00

Karmen eta Santana jaiak amaituta, Brasilera joango da 'Martz' grafitigile gaztea, Ingurumen Ingeniaritza ikasketak amaitzera. Esperientzia bizi gura du eta gogotsu doa grafitiaren mugimendua hedatuago dagoen herrialdera. Munduko Loreak ekimenaren barruan, integrazioa eta kultur aniztasuna islatzen dituen murala egin zuen Izurtzan Martzel Do Nascimentok (Zornotza, 1997) . Esperientzia polita eta berria izan zen gazte etorkinekin.

Euskaldun brasildarra zarela esan daiteke?
Bai. Ama euskalduna dut, Zornotzakoa. Aita, berriz, brasildarra. Familia erdia Rio de Janeiron (Brasil) dut.

Kaleko artista zara. Nondik datorkizu espraiekin duzun lotura?
Espraiekin egindako lan guztiek marrazkia dute oinarri. Esku ona izan dut beti marrazteko, eta txikitatik gustatu zait. Kalean espraiekin marraztutako letrak asko ikusten dira eta horiekiko kuriositatea sortu zitzaidan. Bada, diru pixka bat aurreztu, eta nire lehenengo espraiak 14-15 urtegaz erosiko nituen. Letrak margotzen hasi nintzen, eta lan eskas asko egin nituen. Baina segituan aspertu nintzen letrekin, eta marrazkiak egiten hasi nintzen. Marrazketarako esku ona izateak asko lagundu zidan.

Zer islatu gura duzu zure lanetan?
6-7 urte daramatzat kalean margotzen, eta eboluzio bat izan dudala esango nuke. Denetarik egon da. Askotan mezurik gabeko marrazkiak egin ditut, norberaren lana erakusteko. Baina baditut mezu bat zabaldu gura duten lanak ere, kritika egin gura dutenak, nire sentimendu edo emozioak islatu gura dituztenak. Herriko mugimendu sozialek proposatuta ere egin ditut grafitiak.

Espraiekin egindako marrazki edo mural batek mezu bat zabaldu behar duen ala ez, badago hor eztabaida bat.
Bai. Oreka bat egon behar dela uste dut. Muturreko jarrerak daude, baina neutraltasun bat egon behar du. Erdibidean nago ni. Mezurik gabeko grafitia sortzeko gogoa izan dezakezu une batean, eta hurrengoan ez. Egunak daude.

Nola definituko zenuke zure lana?
Desberdina, bereizgarria dela esango nuke, inguruan ez delako askorik ikusten. Interneten ezagutu ditut horrelako lanak, Espainia hegoaldean edo munduaren beste aldean egindakoak. Autodidakta naiz. Hasi nintzenean, inork gutxik margotzen zuen kalean. Orain, badira interesa dutenak: estudioan edo paperean marrazten dutenak, diseinatzaile grafikoak… Marrazketan oinarri bat dutenei espraien teknika erakusten ibili naiz.

Pertsonak marrazten dituzu…
Giza anatomia da ondo egiten dudana, paisaje gutxi ditut.

Baduzu erreferenterik?
Teknikari dagokionez, Miguel Angel Belinchon 'Belin' (Jaen). Hiperrealismo itzelak egiten ditu espraiekin. Mezudun grafitiei dagokienez, ‘Aryz’ (Bartzelona). Espraiekin baino, pintura plastikoagaz marrazten du gehiago, mural erraldoiak egiten ditu kalean. Kalean margotzea gustatzen zait niri ere, kaleagaz lotura zuzena izatea. Gura nuke haien mailara heldu!

Egin duzu mural erraldoirik?
Altueran bost metro eta zabaleran 10-12 dituena margotu nuen Bilbon, Uribarri konpartsarentzat. Baina denbora behar da horretarako, eta gurago dut egunean hasi eta amaitu. Ordainpeko lana ez bada, normalean ez dut halakorik egiten.  

Ofizo bihurtu gura zenuke?
Ez, momentuz ez. Zaletasun handia da. Iazko udan hainbat lan egin nituen, diru apur bat irabazteko. Ia ezer ez nuen egin nire kabuz. Bada, grafitiak bere xarma galdu zuen.

Non ikusi daitezke zure lanak?
Zornotzan asko daude. Durangon, Elorrion, Apatan, Donostian, Gasteizen, Lekeition, Lemoan, Madrilen eta Bugosen ere egin ditut, adibidez. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta beti aprobetxatzen dut margotzeko. Brasilen ere margotu dut.

Kalea duzu oihal...
Bai. Hasi nintzenean lan eskasak egiten nituen, eta inori ez zaio gustatzen etxeko atean margotu diezaioten. Korrika asko egindakoa naiz, baina denok hasi gara horrela. Orain gerta daiteke mural bat egitea eta herritarrek eskertzea. Egindako bozeto bat gustatu bazait, banoa kalera margotzera. Klandestinitate puntu hori gustatzen zait.

Erraza da leku egokia topatzea?
Bai. Baina pauso bat aurrera ematen saiatzen naiz beti, begi-bistakoagoa den toki bat topatzen, jende gehiago dabilelako eta elkarreragitea handiagoa delako. Zornotzan denek ezagutzen naute, baina toki berri batera banoa, ez bazaituzte ezagutzen, traba gehiago egon daitezke.

Zer margotu gura zenuke?
Barakaldorantz errepide ondoan dauden ur biltegi handi horietako bat. Proiektu bat aurkeztea pentsatu dut, beka bat eskatuta.

Jaietan zaudete herrian. Nola bizi dituzu egun hauek?
Margotzen. Burdin Hari elkarteagaz batera errefuxiatuen alde mural bat egingo dugu pare bat artistok. Tragoren bat jotzeko edo beste ekintzaren batean parte hartzeko denbora ere egoten da. Asko gustatzen zait egoten den jai giroa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!