[BIDEOA] Plaza bete jende, homofobiak eta matxismoak lekurik ez dutela aldarrikatzeko

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 21a, 19:41

Zornotzarrek kalera irten dute asteburuko eraso homofoboak eta matxistak salatzeko. "Nabarmendu gura dugu asteburuan eraso gintuztenak mutil gazteak zirela, ustez, homosexualitatearen normaltasunean jaiotako belaunaldia", esan dute protestaren antolatzaileek.

Zornotzako Erreferendum Plaza jendez lepo bete da arratsalde honetan. Herritar ugarik egin du bat aniztasunaren aldeko Akelarre plataformak eta Zornotzako mugimendu feministak deituriko mobilizazioagaz. Protestarako arrazoia garbi izan dute: asteburuan herriko mutil bat egurtu dute homosexuala izateagatik, eta neska bati modu matxistan egin diote eraso taberna batean. Akelarre plataformako kideek adierazi dutenez eraso homofoboa egin zutenak "mutil gazteak" izan ziren, "ustez, homosexualitatearen normaltasunean" jaiotako belaunaldiko kideak. "Niri maritxu batek ez dit halantxik begiratzen", izan zen erasotzaileek mutila jotzeko baliatu zuten aitzakia. Horrez gainera, gertatzen ari zena bideratzera hurbildutako herritar batek loditasunaren kontrako eta lesbianismoaren kontrako beste hainbat irain jaso behar izan zituen. Bestalde, gizonezko batek eraso matxista bat gauzatu zuen taberna batean. Neska baten kamiseta askatu zuen eta tabernatik alde egiteari uko egin zion, neska bik, azkenean, hori lortu zuten arte.

Zornotzako gertakariez gainera, gogora ekarri dituzte duela egun gutxi basauriar batek jasandako jipoi homofoboa eta gaur Gasteizko Umadi ikastolan agertu diren pintaketa LGTBfoboak. "Egiturazko" indarkeriak deseraikitzera deitu eta "borroka feministan eta transmaribibolloan" segitzeko beharra azpimarratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!