Eraso homofobo bi eta beste eraso matxista bat salatu dituzte Zornotzan

Anboto 2021ko eka. 20a, 22:17

Akelarre plataformako kideek eman dute erasoen berri. Bart gauean eman ziren erasook, tabernak zarratu eta gero.

Zornotzako Akelarre aniztasunaren aldeko plataformak hiru erasoren berri eman du. Euretako bi eraso homofoboak dira eta eraso matxista, hirugarrena. Plataformako kideek jakinarazi dutenez, erasoak bart gauean gertatu dira, tabernak zarratutakoan. “Tabernak itxi eta gero, mutil batek eraso homofobo fisiko eta ahozkoa jasan zuen kuadrila baten eskutik. Horrez gain, beste pertsona batek, erasotua defendatzeagatik, beste eraso homofobo bat jaso zuen. Bestetik, neska gazte bati egindako eraso matxista salatu nahi dugu” adierazi du plataformak ohar batean. 

Akelarreko kideek babes osoa adierazi diete hiru erasotuei. Gertatukoari erantzuteko asmoz kontzentratzera deitu dute. Bihar, astelehena, Erreferendum Plazan elkartuko dira 18:30etan. Heteropatriarkatuaren aurrean “autodefentsa transmaribibolloa” aldarrikatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!