Amorebietak Lezaman jokatuko ditu bigarren mailako futbol partidak

Anboto 2021ko eka. 17a, 18:34
Amorebieta taldearen hamaikakoa iazko azaroan, Lezaman, Bilbao Athleticen aurkako partida hasi aurretik.

Futbol talde zornotzarrak jakinarazi du Ligako arduradunen onespena jaso duela gaur, bigarren mailako partidak Athleticen instalazioetan jokatu ahal izateko.

Amorebietak Lezamako 2. futbol zelaia erabiliko du bigarren mailako partidak jokatzeko. Hau da, Athleticen emakumezkoen lehen taldeak eta Bilbao Athleticek baliatzen dutena. Edozelan ere, talde bilbotarrak egokitzapen tekniko batzuk egin beharko ditu instalazioetan. Amorebietako iturriek esan dutenez, halantxik eskatzen du SmartBank Ligako arduradunek egindako ikuskatze batek.

Futbol talde zornotzarrak "eskerrak eta errekonozimendua" agertu dizkio Athletici. Bilboko futbol taldearen "elkarlana eta prestutasuna" barik, Zornotzako taldeak duen egoerari irtenbide "egoki" bat ematea "ezinezkoa" zatekeela adierazi du. Izan ere, duela egun batzuk, SmartBank Ligako arduradunek ebatzi zuten Urritxeko zelaiak ez dituela bigarren mailan jokatu ahal izateko beharrezko irizpideak betetzen. Eta horrek, momentu batez, kolokan ipini zuen bigarren mailan jokatu ahal izateko eszenatokia.

Amorebietaren zuzendaritza taldeak adierazi du  zale eta bazkideak Lezamara lekualdatu ahal izateko lanean ari dela. Herriko instituzioekin berba egingo duela adierazi du, taldeak Lezaman jokatzen duen aldiro, herritarrek, esperientzia hori "bizi eta gozatu" dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!