Ligaren arabera Urritxe zelaia ez da egokia Bigarren mailarako

Anboto 2021ko eka. 2a, 16:22

Urritxeren egokitzapena "bideraezina" dela adierazi dio, gainera, SD Amorebietari Ligak. Etxeko partiduak jokatzeko bi alternatiba proposatu beharko dizkio  SD Amorebietak ekainaren 12rako.

SD Amorebietak ezingo ditu jokatu Zornotzan etxeko partiduak. Ligak gaur goizean helarazi dio txostena SD Amorebietari erabakiaren berri emateko. Txostenaren arabera, zelaia ez da egokia Bigarren mailako partiduetarako. Horrez gainera, egokitzapen bat "bideraezina" izango litzatekeela gehitu du txostenean. "Egokitze beharrak asko lirateke, inbertsio ekonomiko handia beharko litzateke, baita ere. Guzti hori denbora tarte motzegian egin beharko litzateke, gainera, eta horrek ezinezko egiten du Urritxe 2021/2022 denboraldian erabili ahal izatea". 

Amorebietak ohar bidez adierazitakoaren arabera, B plana martxan jarri du. Etxeko partiduak non jokatu erabakitzeko orduan bazkideen erosotasuna kontutan edukiko dutela esan dute, baita, Laliga SmartBank mailan jokatzeak Zornotza osoarentzako izango dituen "onura sozial, ekonomiko eta kirol arlokoak ere. 

Klubak "atsekabez" jaso du berria, izan ere, Ligaren erantzuna "irmoa" da, eta datorren denboraldian etxeko partiduak Urritxen jokatzeko aukera guztiak bertan behera utzi ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!