#0km

'Zornotzanerosi.eus' jaio da, Zornotzako komertzioak bultzatzeko atari digitala

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 10a, 12:01

Komertzioek ikusgai ipini ditzakete euren zerbitzu eta produktuak, baita sarean saldu ere.

Zornotzako merkatariek atari berria dute eskura euren zerbitzuak iragartzeko zein saltzeko: zornotzanerosi.eus. Zornotzako Udalak garatu du Internet ataria, eta herriko dendarien eskura ipini du. Andoni Agirrebeitia alkateak esan du "pandemiak kalteturiko komertzio txikiari bultzada" bat ematea dela tresnaren helburua. Komertzioei dei egin die web orrian parte hartzera. Oraingoz, 49 bat dira zerbitzuan izena emaniko dendariak, eta kopuru hori "apurka-apurka" igotzen joango dela aurreratu du alkateak.

Iragarri zein saldu

Web orria prest dago, baina negozio bakoitzak hartuko du berau biziarazteko ardura. Hau da, zerbitzuak eta produktuak iragarri gura dituen merkatariak bere txoko propioa kudeatu beharko du web orriaren barruan. Esti Martiartu zinegotziak azaldu du "hiru fase" daudela horretarako. "Lehenengo fasean, komertzio bakoitzak bere oinarrizko datuak eta deskribapena ipiniko ditu. Bigarrenean, erakusleiho moduko bat atontzeko aukera egongo da. Produktuen eta zerbitzuen argazkiak ipini ahalko dira bertan. Hirugarrenean, dendariek Internet bidezko salmenta zuzena eskaini ahalko dute. Batzuk dagoeneko fase horretan daude". Izan ere, Udalak hainbat ikastaro eskaini die komertzioei, tresna digitalean trebatzen laguntzeko. Dendariek debalde inskribatu ahalko dute web orrian. Lehenengo bi urteetan ez dute ezer ordaindu beharrik izango. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!