#0km

“Euskal Herrian ez dago ohitura handirik artisau-garagardoa edateko”

Aitziber Basauri 2021ko mai. 30a, 10:30

Beinat Gutierrezek Browar Stu Mostow artisau-garagardoaren produkzio osoa kontrolatzen du. Garagardoa eta bizikleta dira bere pasioak, zornotzarrak aitortu duenez. Azken bost urteetan 500 garagardotik gora egin ditu, eta une bakoitzerako garagardo bat dagoela uste du. Garagardo bat hartzeko, Berlingo Muted Horn taberna du gogoko. Hala ere, aukeratzekotan, hauxe du planik onena: lagunekin Zornotzan.

Naparbier artisau-garagardo fabrikan hasi zenuen zure ibilbide profesionala, eta Garagardogile Maisua izatera heldu zara. Zelan lortzen da hori?
Naparbier-en hasi aurretik, bost bat urtean Alemanian lan egin nuen. Han ikasi nuen garagardoa egiten, Municheko unibertsitatean. Naparbier-ko jendea ezagutzen nuen, eta Bartzelonan bigarren garagardotegia zabaldu zutenean eurekin hasi nintzen lanean. Handik urte bira, Noaingo garagardotegira joan nintzen, Garagardogile Maisu berria behar zutelako. Igual leku egokian egon naiz une egokian!

Artisau-garagardo ekoizleak gehitu egin dira Euskal Herrian. Badu ezaugarri berezirik euskal garagardoak? Ezagutzen dute Polonian?
Bai, ezagutzen dute! Oso ohikoa da garagardotegi biren arteko elkarlana. Urteotan Basqueland (Hernani), Gross (Donostia) edo Laugar (Gordexola) garagadotegitik etorri dira. Zapiain sagardotegiagaz ere lan egin dugu. Euskal garagardoak ez du ezaugarri berezirik, baina euskal garagardogileak famatuak dira, beti parrandarako prest daude eta!

Eta Browar Stu Mostow esportatzen da Euskal Herrira?
Bai! Beerbao-k saltzen du.

Euskal Herrian badago tradizio bat ardoari eta sagardoari dagokienez. Garagardoagaz ere bai? Kontsumo ohiturak aldatzen dabiltza?
Euskal Herrian oraindino ez dago ohitura handirik artisau-garagardoa edateko. Garagardo asko edaten den arren, gehienetan garagardotegi industrialetakoa da. Apurka ohiturak aldatuz doaz. Orain, tabernek artisau-garagardoa ere eskaintzea da garrantzitsuena. Ez genuke onartuko janari on bategaz ardo eskas bat bakarrik eskaintzea. Garagardoagaz berdin gertatu behar da!

Polonian ohitura handia dago garagardoa kontsumitzeko eta ekoizteko?
Bai. Wroclaw-n bizi naiz. Historikoki Alemania eta Txekia izan da, eta, diotenez, sasoi batean herri guztietan zegoen garagardotegiren bat. Komunismoaren sasoian gehienak itxi zituzten, baina orain geroago  eta gehiago dago. Oso ohikoa da hirian tabernarik gehienetan artisau-garagardoa egotea!

Geroago eta artisau-garagardo gehiago ikuten da. Merkatua hazten dabil?
Bai. Hala ere, oraindino oso merkatu txikia da. Diotenez, Espainian edaten den garagardo guztiaren %1 da artisaua. Euskal Herrian gutxiago dela esango nuke. Hazten doa, baina oso astiro.

Jarraitzen duzu bizikletan ibiltzen?
Bai, asko ibili naiz beti. Urtean 5.000tik 10.000 kilometrora bitartean egiten ditut. Aurten bizpahiru lasterketa egingo ditut. Ultra Sudety Gravel Race lehenengoa: 500 kilometro 24 orduan, Poloniako eta Eslovakiako mendietan.

Zelan erakarriko zenuke jendea artisau-garagardoa probatzera?
Deneriko estiloak probatzera animatuz. Hori du onena, estilo desberdin asko daude. Dastatu, aurkitu gustukoena, eta tokikoa bada, hobe!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!