Zornotza Saskibaloi Taldeak kanporaketa bira du Urrezko Ligarako txartela

Anboto 2021ko mai. 13a, 08:00

Lehenengo kanporaketako joaneko partidua zapatua honetan jokatuko du Larrean, Hestia Menorca taldearen kontra.

Denboraldi bikain bati esker, Zornotza Saskibaloi taldeak gertu du Zilarrezko Ligatik Urrezko Ligara igotzeko aukera. Maila horretatik gora ACB liga bakarrik dago.

Play offetako final zortzirenetan CB Pardinyes taldeari irabazi ostean, final laurdenetera sailkatu da. Orain, bi kanporaketa gainditu behar ditu ametsa errealitate bihurtzeko. Lehenengoa Hestia Menorca taldearen kontrakoa da. Joaneko partidua etxean jokatuko du zapatu honetan, 18:30ean hasita. Itzulerako neurketari begira ahalik emaitzarik onena ateratzea izango dute helburu Mikel Garitaonandiak zuzendutako gizonek.

Zornotzak aurrera egiten badu, Bartzelona eta Gran Canaria taldeen arteko kanporaketatik irtengo da azken aurkaria. Kanporaketa horretako irabazlea Urrezko Ligara igoko da.

Play offetako beste adarrean, Prat, Marbella, Cantabria eta Ponferrada taldeak lehiatuko dira igoerako bigarren txartelaren bila.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!