Zornotza Saskibaloi Taldea bete-betean sartuta dago Urrezko Ligara igotzeko borrokan

Joseba Derteano 2021ko mai. 8a, 10:00

Saskibaloi denboraldia une erabakigarrian sartzen denean, badago hitzordura oso gutxitan huts egiten duen klub bat: Zornotza Saskibaloi Taldea. Eta aurtengo urtea ez da salbuespena. Zilarrezko Ligatik Urrezko Ligara igo ahal izateko play off-ak martxan dira eta hantxe dago Mikel Garitaonandiak zuzentzen duen taldea.

Final-zortzirenetako kanporaketa Lleidako (Katalunia) CB Pardinyes taldearen kontra dabil lehiatzen. Eguen arratsaldean jokatu zuten joaneko partidua, eta domeka honetan jokatuko dute itzulikoa, Zornotzako Larrea kiroldegian.

Berez, kanporaketa hau orain asteburu bi lehiatzekoa zen, baina Lleida taldeko jokalari batzuek COVID-19an positibo eman ostean, atzeratu egin zuten.

Lan bikainaren saria
Zornotza Saskibaloi Taldeak merezita lortu du igoera faserako txartela. Liga erregularrean hirugarren tokian amaitu du, 26 partidutik 16 irabazita. Batez beste, punturik gutxien jaso duen hirugarren taldea izan da eta erasoan ere onenen artean dago. Azken horretan, erasoan, aurtengo denboraldian fitxatu dituzten jokalari bi izan dira saskiratzaile nagusiak: Bryson Robinson estatubatuarra 12,85 puntugaz eta Jeremy Rodriguez dominikarra, 12,21egaz. Hauek biak dira saiakerarik gehien egiten duten jokalariak ere, bai biko jaurtiketetan, bai hirukoetan. Iker Salazar bilbotarraren ekarpena ere azpimarratu beharra dago. Ez da kasualitatea taldean minuturik gehien jokatu duen jokalaria bera izatea. Bilbotarrak denerik egiten du eta estatistika askotan goian ageri da. Esaterako, Robinson eta Rodriguez aurretik ditu sartutako puntuen kantitatean, baina biko jaurtiketetan berak du portzentajerik onena: 119 saiakeratik 73 sartu ditu, %61,34. Mendebaldeko ligan hamar jokalarik bakarrik izan dute berak baino batez besteko hobea. Gainera, erreboterik gehien hartu duen hirugarren jokalaria izan da: 8,28 errebote partiduko. Hori gutxi balitz, errekuperatutako baloien sailkapenean ere goian dago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!