Elkartasuna adierazi diete Forging Steel enpresan hildako lankidearen senideei eta gertukoei

Anboto 2021ko mai. 4a, 14:45

Forging Steel Products enpresako beharginek ordu erdiko lanuztea egin dute eguerdi honetan, bart bihotzekoak jota hildako lankidearen omenez. LABek adierazi du heriotza "lan-istripu ez traumatiko" bati zor zaiola, eta horren eragileak "lan-baldintzak, presioa eta estresa" izan ohi direla. 

"Istripu ez traumatikoak ere" lan-istripuak direla adierazi du LABek: "Ez dira kasualitatez laneko orduetan izaten, zorte txarragatik", esan du. "Jakina da lan-baldintzak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore garrantzitsuenetakoak". Datu bat ere eman du sindikatuak: Iazko "lan-istripu hilgarrien %25" istripu ez- traumatikoak izan zirela dio. Urtea hasi zenetik hona, berriz, 4 behargin modu horretan hil direla jakinarazi du. 

LAB sindikatuak bere "elkartasuna eta babesa" helarazi dizkie "hildakoaren senide, gertuko eta lankideei". Beharginak 46 urte zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!