250 Doraemon baino gehiago Zornotzako kaleetan

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 25a, 20:00

Urtebete pasatu da David Rodríguezek 'Harria Margotuta' jokoa Zornotzan abiatu zuenetik. Urteurrena ospatzeko Doraemonen irudia duten 250 bat harri ezkutatuko ditu herriko bazterretan, herritarrek topatu ditzaten.

David Rodriguez Nietok (Zornotza, 1972) helduek zein umeek jokatu ahal izateko jolas bat zabaldu zuen iaz Zornotzan. Errekako harri zapalak margotu eta herriko parkeetan barrena ezkutatzeari ekin zion, harriok, zornotzarrek topatu zitzaten. Jokoak Amore-Roc izena zuen, baina Harria Margotuta Zornotza izendapena du orain.

Gaur, jokoa hasi zuenetik urtebete pasatu dela ospatzeko, egitasmo berezi bat ipiniko du martxan: Doraemonen irudia duten 250 bat harri ezkutatuko ditu Zornotzako bazterretan herritarrek topatu ditzaten. "Doraemon pertsonaia mitikoa da. Askok gustuko dute, eta nahikoa erraza da harri gainean margotzeko", adierazi du. "Pentsa nola dudan etxea. Margotutako harriz josita daukat dena. Gaurtik aurrera Doraemon batzuk askatuko ditut eta hurrengo egunetan gehiago askatzen joango naiz", azaldu du. Katu kosmikoaren irudia duten 250 harri kaleratzeaz gainera, beste 15-20 bat harri kaleratuko ditu Doramiren irudiagaz. Marrazki bizidunetako telesailaren arabera neba-arrebak dira Doraemon eta Dorami.

Durangaldera zabaldu guran

Zornotzara mugatu barik, Rodríguezek Durangaldeko beste herri batzuetara ere helarazi gura du jokoa. Duela urtebete antzerako jokoak antolatu ziren Abadiñon eta Durangon, besteak beste. Rodríguezen esanetan, "umeen zoriontasunean eragitea" da jokoaren funtsa. "Aurrekoan, kaletik nindoala, ume batzuek harrien gizona ni ote nintzen galdetu zidaten. Egundako ilusioa egin zidan", dio. Duela urtebete berripaper honi eskainitako elkarrizketan zoriontasun hori bera aipatzen zuen Rodríguezek: "Gustuko dut jendea zoriontsu egitea; ez dut ulertzen zergatik gauden hain muturbeltz pozik egon gaitezkeenean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!