"Gustuko dut jendea zoriontsu egitea; ez dut ulertzen zergatik gauden hain muturbeltz pozik egon gaitezkeenean"

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 10a, 11:27

David Rodriguez Nietok (Zornotza, 1972) helduek zein umeek jokatu ahal izateko jolas bat zabaldu du Zornotzan. Errekako harri zapalak margotu eta Zornotzako parkeetan barrena ezkutatzen ditu, gero, herritarrek topatu ditzaten. Amore-Roc izeneko Facebook orrian sartuta parte hartu daiteke jokoan. Jolasa Extremadurako herritar batek du patentatua eta bere baimenagaz zabaldu du Zornotzan Rodriguezek.

Joko sinpatikoa dirudi, baina zertan datza zehazki?

Harri batzuk hartu, margotu eta Zornotzako parkeetan barrena ezkutatzen ditut. Jokatu gura duten herritarrek, parkean barrena ibili, harriak topatu eta horien argazki bat elkarbanatu behar dute Amore-Rock Facebook orrian, harria aurkitu izanaren froga modura. Topatutako harria, berriz, errebotatu egin behar dute. Hau da, beste toki batean ezkutatu behar dute, beste herritar batzuek aurkitu ditzaten. Jokoa berrekiten da horrela. Bestalde, badira harriak topatu eta etxera eramaten dituzten herritarrak. Hori egitekotan, beste harri bat margotu eta ezkutatu behar dute.

Demagun jolasean parte hartu gura dudala. Nondik hasi behar dut?

Jokoa hasi gura duenak, ezkutatuko dituen harrien argazkiak igo behar ditu Amore-Roc orrira, eta, ondoren,  ezkutatu egin behar ditu. Toki seinalatuetan ipini behar dira. Parkeko zuhaixken inguruan, farolen inguruan, tunelen bazterrean,... Jauregibarriako parkean hasi zen jokoa, baina zabalduz joan da. Zelaieta parkean, Zubiondon,... herri osora zabaldu da.

Asko al zarete jokoan parte hartzen duzuen herritarrak?

Amore-Roc Facebook orrian 90 herritar baino gehiago gara. Asteon jende asko batu da. Ikusi dut nik ezkutatutako harriak hasiak direla beste toki batzuetan agertzen. 

Zer margotzen duzue harrien gainean?

Denetarik. Ume txikien marrazkiak dira ederrenak. Guk txakurra ikusten dugun tokian katua marraztu dutela diote haiek. Polita da ume baten irudimenetik zer irteten den ikustea eta margotutakoari interpretazio bat ematea.

Nondik nora sortu zen margotutako harriekin jokatzeko ideia hau?

Egunotan eguraldi txarra egin duenez, dezente ibili naiz sare sozialetan. Ikusi nuen Badajoz aldean (Espainia) martxan zutela horrelako egitasmo bat. Ruben Del Pozo izeneko herritarrarena zen ideia. Patentatua dauka. Nik bere ideia hura baliatu ote nezakeen galdetu nion, eta baimena eman zidan. Etxean hasi nintzen jolasten 5 eta 12 urteko seme-alabekin, harriak etxean barrena ezkutatuta. Gero, osaba-izebak bisitan etortzen zirenean haiekin jokatzeari ekin genion. Hortik Jauregibarriko parkera, eta hortik gero, Zornotza osora. Jokoa hasten dudan aldiro 16-20 harri inguru ezkutatzen ditut. 12 harri harri baino gehiago, gutxienez.

Zerk motibatzen zaitu harriak hartu, margotu eta ezkutatzeko lan altruista hori egitera?

Gustuko dut jendea zoriontsu egitea. Hainbeste giro txar ikusten da,... ez dut ulertzen zergatik gauden hain muturbeltz, pozik egon gaitezkeenean. Zer dago jendea zoriontsu egitea baino hoberik? Tristea da umeak eta gurasoak parkean egon eta mugikorrari itsatsita daudela ikustea. Jolas honek ibiltzera eramaten zaitu, jolastera, harriak margotzearekin zaletasun moduko bat lantzera. Banatuta dagoen bikote batek ere esana dit. Harriak topatzeko joko hau hasi zenetik, gurasoek eta umeek, hirurek jokatzen dute parkean. Umore ona eman die. Eta nahiz eta haien harremana ez den beharbada lehengoa izatera bueltatuko, une gozo bat pasatzen dutela esan didate. Ilusioa egiten dit horrek. Zuk txarra egin gura duzula? Nik gurago jendea zoriontsu egin. Jendea zoriontsu egiten jarraitu gura dut.

Jolasean parte hartzeko gogoa ematen du! Zer egin behar da jolasean hasteko?

Facebooken Amore-Roc izeneko orrialdea topatu eta taldera batzeko eskaria egin. Hartu harri batzuk, margotu eta ipini atzealdean "Amore-Roc Facebook" dioen testua. Ekarpena egin gura duenak hartu ditzala harriak, margotu ditzala eta ezkutatu ditzala. Harri kopuru polita ezkutatuz gero, jendea ez da harririk ez topatzeagatik triste etxeratuko.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!