Amorebieta Txirrindulari Elkarteko kideek azaldu dutenez 2021ean ez da Zornotzako Udaberri Klasikoa egingo. "Pandemiak eragindako ziurgabetasunak eragotzi egiten du maila honetako ekitaldi bat antolatzea", esan dute txirrindulari elkartekoek. Hori dela eta, 2021eko lasterketa bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, elkartekoek eskerrak eman gura izan dizkiete, herriari, bolondres guztiei, Zornotzako Udalari eta babesle guztiei. Horrez gain, gaineratu gura izan dute 2022an lasterketa egiteko asmoa dutela.
Gazte mailako lasterketak bai
Bestalde, gazte mailako lasterketak antolatzeko apustua egingo dutela esan dute. "Ahalegin berezia egingo dugu kadete, jubenil eta 23 urtez azpiko lasterketak antolatzeko. Gainera, kadete eta jubenil kategorietako lasterketak, nazio mailako lehiaketak izango dira, ahalik eta parte-hartzaile gehien egoteko", bukatu dute.