Zornotzako komertzioak laguntzeko egindako egitasmoen artean, udalak, Amorebonoen kanpaina azpimarratu du. 57.000 bonu kaleratu zituen ekainetik urteko azken asteak bitartean, eta horietatik 48.025 saldu ziren guztira. Udalaren esanetan, Zornotzako historian "tokiko kontsumoa dinamizatzeko kanpainarik handiena" izan da Amorebonoena. Kopuru bat ere utzi du egitasmoak: Amorebonoek 960.000 euroko aztarna ekonomikoa utzi du herrian.
Udalak herriko ehundura ekonomikoa aktibatzeko beste egitasmo bi azpimarratu ditu. Ostalaritza eta udalerriko enpresa txikiak laguntzeko programak. Iaz, udalak 43.300 euro bideratu zituen herriko 74 negozio txiki laguntzera, eta beste 87.000 ostalaritzari lotutako 84 negozio laguntzera. "Inor ez dugu atzean utzi nahi", adierazi du udalak.