Aranzadik Aniceto Agirrebeitia gudariaren gorpuzkiak topatu ditu Bizkargi mendian

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 20a, 17:35

Aranzadi Zientzia Elkarteak Aniceto Agirrebeitia gudariaren gorpuzkiak lokalizatu ditu Zornotzan, Bizkargi mendian. Gorpua exhumatzeko lanak egin dituzte gaur eta haren familiakoen eskuetan utzi dituzte gorpuzkiak. Agirrebeitia Berrizkoa zen sortzez. Gerra zibilean Esteban Salsamendi batailoi komunistan gudukatu zuen. 26 urte zituen.

Aranzadi Zientzia Elkarteak exhumazio lanak egin ditu gaur goizean, Zornotzan, Bizkargi mendian. Gerra zibilean hildako gudari baten gorpuzkiak topatu ditu han: Aniceto Agirrebeitia Lazpita berriztarrarenak. Agirrebeitia Esteban Salsamendi batailoi komunistako kidea izan zen. 1937ko maiatzaren 16an hil zen borrokan ari zela. 26 urte zituen.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, gorpuzkien aurkikuntza aurtengo uztailekoa da. Euskal Prospekzio Taldeko kideek topatu zituzten ordu hartan, prospekzio lanak egiten ari zirela. Lan horietan Euskadiko Gudarostearen idenfitikazio plaka bat topatu zuten 58331 zenbakiagaz, beste objektu batzuekin batera. Dokumentazio historikoari esker 58331 plaka hura Aniceto Aguirrebeitia Lazpitari zegokiola ondorioztatu zuten. Agirrebeitia "Alderdi Komunistako 44. Esteban Salsamendi batailoikoa zen", Jaurlaritzak baieztatu duenez.

Kendutako duintasuna itzultzeko lana

Exhumazioan Aniceto Agirrebeitia zenaren ilobak egon dira. Baita Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria, Zornotzako Udaleko Itxaso Berrojalbiz (EAJ), Ander Uriarte (EH Bildu) eta Alba Gutierrez (Elkarrekin Podemos) zinegotziak, eta Zornotzako Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideak ere. Artolazabal sailburuaren berbetan, erakundeen betebeharra da gerra zibilean desagertutakoak "berreskuratu eta kendu zieten duintasuna itzultzea". Falta direnak topatzeko "ahalegin guztiak" egiten jarraituko dutela aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!