Marisa Barrenak irabazi du Euskarazko Wikipedian emakumeen presentzia handitzeko lehiaketa

Joseba Derteano 2020ko abe. 7a, 15:25

"Oso gustura" egiten duen lana dela eta horretan jarraitzeko asmoa duela dio.

Euskarazko Wikipediak eremu askotan hobekuntzak behar dituela eta, euretako lau biltzen saiatu dira aurten, 2020an aldi bereko lau lehiaketa abiatuz. ‘Emakumeen biografiak’ izan da lau arloetako bat. Bertan izena eman dutenek emakumezkoen presentzia handitzeko lan egin dute, genero-oreka hobetzeko helburuarekin. Bada, lehiaketa hori Marisa Barrena euskal maistra, psikopedagogo, euskaltzale eta feminista zornotzarrak irabazi du. 17.700 puntu batu ditu eduki berriak sortzeagatik, sortuta zeudenei ekarpenak egiteagatik edo euskarara itzultzeagatik.

Liburu sorta bat irabazi du, baina ez du sari bat irabazteagatik egin. “Ez dut jakin saririk zegoenik ere. Oso gustura egiten dudan lan bat delako nabil”, azaldu du. Guztira, 200 edukitik gora sortu edo euskaratu ditu aurten. “Apur bat engantxatu egiten duen lana da. Biografia batek beste batera eramaten zaitu, eta horrek beste batera…”, azaldu du. Oraindik zerrenda luzea geratzen zaiola eta 2021ean horretan jarraitzeko asmoa duela dio.

Andraguneko wikilarien taldea

Wikilari talde bat Durangoko Andragunean batzen da barikuro, emakumeen profilak sortzeko edo osatzeko. Marisa Barrena bertako kidea da. “Oso gune aberasgarria da. Proposamenak irteten dira edo batek aurkitu ezin duen datua beste batek aurkitzen du…”. 2021ari begira lan talde hori handitzea gustatuko litzaioke eta gura duenarentzako atea zabalik dutela gogoratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!