Emakumeen Nazioarteko Eguna

“Wikipedia erreminta ona dela uste dugu emakumeek erreferentzialtasuna lortzeko”

Igor Galarza 2020ko mar. 4a, 09:25

Durangoko Andragunean batzen dira Durangaldeko emakumeen profilak sortzeko edo hobetzeko. Bederatzi bat lagun elkartzen dira, adin desberdinetakoak, emakumeen presentzia alor bibliografikoan ere egon dadin.

Zelan sortu zenuten taldea?
Andereak elkarteko emakume batzuek sortu genuen, 2018ko udazkenean. Hasieran ikastaro bat egin genuen, eta ondoren orientatzen hasi ginen, eta zerrenda bat osatzen.  Prozesuari amaiera emateko, profilak editatzen hasi ginen, bai euskaraz, bai erdaraz.

Zein izan zen arrazoia?
Beti izan dugu kezka gure etxeetan, ikastetxeetan zein eremu askotan, adin desberdinetako jendearen erreferentzia nagusirik gehienak gizonezkoak zirelako. Edozein arloko zerrendetan begiratuz gero, gehienak gizonezkoak direla ikusi dezakegu, eta emakumeak alderatuta daudela. Marisa Barrenak txio bat irakurri zuen Twitterren. Han ikusi zuen talde bat sortzeko asmoa zegoela hori dena egiteko. Hori buruan, geuk ere geure taldea sortu genezakeela pentsatu genuen. 

Emakume ahaztuen inguruan berba egitea da betebeharra?
Emakumeak bistaratzeko ardura ere bagenuen. Emakume asko daude aitzindariak izan direnak arlo askotan, eta ezezagunak direnak. Ezezagunak dira ez ditugulako bistaratu.

Wikipediaren ideia heldu zitzaizuen.
Wikipedia erreminta egokia dela iruditzen zaigu emakumeek erreferentzialtasuna lortu dezaten, edo behintzat bistaratu ditzagun. Gaur egun, 7.000 emakume daude euskaraz erregistratuta Wikipedian. Guk 75 profil sortu ditugu, eta beste hamar erdaretatik itzuli ditugu. Badaude beste profil batzuk hobetzen ahalegindu izan garenak.

Zuetariko batzuek apenas duzue esperientziarik. Zergatik Wikipedia?
Batzuk orain dela gutxi batu gara taldera. Oso interesgarria iruditzen zaigu Wikipediaren kontuarena, baina prozesua bera ere interesgarria da. Informazioa bilatu behar duzu, eta, batzuetan, profila osatzen ari zaren pertsonagaz hartu-emanetan jarri behar duzu. Asko ikasten da mundu horretan. Hasieran uste genuen Wikipedia bera oso itxia zela, espazio estu batekoa, baina ohartu gara alderantziz dela, oso zabala. Egia esan, mundu hori ez dugu askorik ezagutzen, baina iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela emakumeak hor ere presente egotea.

Desabantaila da teknologiaz ideia gutxi izatea?
Gutariko batzuek ez dugu izan sare sozialik orain dela gutxira arte; nahikoa izan dugu Whatsapp-agaz. Oso berria egin zaigu, eta interesgarria ere bai. Ikastaro bat egin genuen, zenbait pauta jarraitu hasieran... Horregaz bazoaz apurka kontrolatzen. Ez da askorik jakin behar, baina beharrezkoa da gutxienekoa jakitea.

Zenbat zaudete lantalde horretan?
Bederatzi bat lagun gaude gaur egun. Hasieran pare bat baino ez ginen, eta lehen aipatutako ikastaroa horren harira zetorren, talde finko bat osatzeko nahiagatik eta gehiago produzitu nahiagatik. Lagun bigaz 60 profil eginez gero, hamarregaz... Hala ere, ez da bakarrik biografiak sortzea. Freskatu behar diren profilak ere badaude, emakume horien ibilbide profesionalean zerbait gertatu delako. Zorionez, bizirik daudenek lan handia egiten dute, eta hori guretzat ere lana da.

Nondik ekin zenioten lanari?
Durangoko emakume esanguratsuak zirenekin ekin genion. Apurka, eskualdera zabaltzen hasi ginen, beste herriekin loturak existitzen zirelako. Ondoren, ia gura barik zabaltzen hasita geunden. Erraketista mallabitar bat dela-eta, eskualdekoak ez ziren pertsonen profilak ere osatu ditugu. Hori bai, lehentasuna Durangaldekoek dute.

Baduzue landu gurako zenuten emakume gehiagoren profilik?
Durangaldeko emakume ugarik merezi dute profila edukitzea, baina ez ditugu erregistratu, datu faltagatik eta abar. Kontua da erreferentzia kopuru bat behar dela erregistratu ahal izateko. Gaur egungo emakumeekin errazagoa da, informazio gehiago dugulako gaur egunean. Baina badaude sareetan inongo informaziorik ez duten emakumeak. Horrek galarazten du euren profila sortu ahal izatea. Bete behar ditugun profil horiek zirriborroan daude.

Igartzen duzue idazkera garatzen zoaztela?
Zenbat eta eduki gehiago sortu, orduan eta teknika hobea duzu idazkerari dagokionez. Euskarazko Wikipediak bibliotekari bat du lanean, eta berak zuzentzen ditu testuak. Berak egindako zuzenketei erreparatuta ikasten dugu.

Zein esparrutako emakumeak dira aurkitu dituzuen gehienak?
Gehienak kirolera eta kulturara lotuta dauden profilak dira, zientziara edo beste edozein arlotakoak baino gehiago.

Zorroztasunez idaztera ohitu zarete?
Wikipedian edonori buruz idatzi dezakezu, baina ez edozer. Euskaraz malgutasuna dago, eta, adibidez, gaztelaniaz baino erreferentzia gutxiago eskatzen dizute profila onartzeko. Horrez gainera, testuak idazkera jasoa eduki behar du, eta guztiz objektiboa izan behar du. Ezin da iritzi kutsuko testurik idatzi.

Komunitateagaz harremandu zarete?
Orain arte ez dugu izan hartu-eman zuzenik wikilari askogaz. Wiki Emakumeak dinamikako jendeagaz bai, izan dugu hartu-emana. Hori bai, gu ere euskarazko Wikipediaren parte gara.

Halako sareetan edonork edozer idatzi dezake.
Profiletan aldaketarik izan bada, jakinarazpenak heltzen zaizkigu. Behin, profiletako bat osatu genuenean, pertsona anonimo batek testua aldatu zuen. Horren berri izan genuen eta berriro zuzendu genuen, baina bigarren adaketa desegoki bat egon zen. Zorionez, lokalizatu zuten aldaketa desegokiak egiten zebilena.

Zein izan da ilusiorik gehien egin dizuen profila?
Ez da erraza esatea zein izan den profilik esanguratsuena. Gehien oroitzen ditugunak lehenengoak dira: Benita Uribarrena borrokalari antifaxistarena eta Aurora Abasolo sopranoarena. Bizenta Mogeli buruz ere hainbat gauza gehitu genuen.

Etorkizunera begira, zein da jarraitu beharreko bidea?
Hemendik aurrera, emakume eta gizonen arteko arrakala murriztea izango da helburua. Kopuruak herririk herri hartuz gero, argi dago gizon gehiago daudela erregistratuta, emakumeak baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!