#0km

Amorebonoak eskuratzeko epea abenduaren 15ean amaituko da

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 2a, 10:39

Amorebonoen kanpaina azken txanpan sartu da. Zornotzako dendetan baliatzeko bonuak abenduaren 15era arte erosi ahalko dira. 14.700 bonu baino ez dira gelditzen.

Zornotzako Udalak jakinarazi duenez, hilaren 15ean amaituko da Amorebonoen kanpaina; Zornotzan, tokiko kontsumoa bultzatzeko "inoiz izan den" egitasmorik handiena. Udalak ekin zion Amorebono kanpainari. 57.000 bonu ipini zituen salgai, eta horietatik 42.228 bonu saldu dituzte gaur arte. Beraz, 14.772 bonu baino ez dira gelditzen. 

Bi bonu mota daude eskuragarri: berdea eta urdina. Berdea lehenengo sektoreari lotutako ekoizleei erosteko bonua izango da. Urdina, berriz, denda, ostatu eta zerbitzuetan trukatzeko. Gehienez ere, herritar bakoitzak bost bonu berde eta hamar bonu urdin erosi ahalko ditu. Erosleek, 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte bonuak, gero, herriko komertzioetan 20 euroko erosketa egin ahal izateko. 20ko baliora iritsi arteko 5 euroak udalak finantzatuko ditu.

"Aurrekaririk bako" kanpaina

Esan bezala, udalak ekainean ekin zion kanpainari, Iraunkor eta Dendariak elkarteekin batera. "Aurrekaririk bako" kanpaina da udalarena. Udalak 285.000 euro bideratu zituen kanpainara, eta horrek gaur arte eragin duen inpaktu ekonomikoa 844.540 euroan kokatu du. Zornotzarrek Herritarren Arretarako Zerbitzura jo beharko dute bonuak eskuratzeko.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!