Ongizate soziala lehenesteko aurrekontuak onartu ditu Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 20a, 11:34

Zornotzako udalbatzak 2021eko udal aurrekontuak onartu ditu gaur, aho batez. Inbertsioak bigarren maila batean ipini, eta ongizate soziala lehenengo lerroan ipintzea erabaki dute talde politiko guztiek. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, adibidez, 300.000 euroan handituko dira.

"Ez da inbertsioak egiteko momentua. Ez dakigu koronabirusak zein bide hartuko duen eta zein ondorio ekarriko dituen. Zuhurtasunez jokatzea dagokigu. Lehenengo ongizatea bermatzea dagokigu. Inbertsioak ez ditugu ahaztuko, baina geroago heldu beharko diegu horiei". Andoni Agirrebeitia alkatearen adierazpen horrek laburbildu dezake Zornotzako udal aurrekontu berria. Udalbatzak osoko bilkura egin du gaur eta bertan onartu ditu 2021eko aurrekontuak. 

Miren Martiarena ogasun zinegotziaren esanetan, honako ezaugarri hauek ditu datorren urteko udal aurrekontuak: "Gizarte kohesioa eta suspertze ekonomikoa izango dira lehentasun. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 300.000 euroan igoko dira. Ostalaritza eta lehen sektorea ere izango dira lehentasun. Herriko ehundura asoziatiboa, elkarteak, kulturgintza lagunduko ditugu. Azkenik, inbertsioak ere egingo ditugu auzoetan"

Datorren urtekoak aurtengoak baino apur bat baxuagoak izango dira. 29.020.000 eurokoak, aurtengoak baino %3,64 baxuagoak. Udalkutxatik jasotako dirua apalduko dela eta, izango dira aurrekontu baxuagoak.

Adostasun osoa

Talde politiko guztiek egin dute bat. Denek egin dute alde. Zornotzan, behintzat, ez da udal aurrekonturik aho batez onartu aspaldian. Talde politiko bakoitzak modu honetan defendatu du adostasuna:

  • Andoni Agirrebeitia (EAJ, alkatea): "Ez da inbertsioak egiteko momentua. Ez dakigu koronabirusak zein bide hartuko duen eta zein ondorio ekarriko dituen. Zuhurtasunez jokatzea dagokigu. Lehenengo ongizatea bermatzea dagokigu. Inbertsioak ez ditugu ahaztuko, baina geroago heldu beharko diegu horiei" 
  • Ander Uriarte (EH Bildu): "Guk egindako proposamen batzuek isla izan dute aurrekontuetan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen partida handitzeak, adibidez. Ez dira guk nahiko genituzkeen aurrekontuak, baina urte hau eta datorrena bereziak izango direnez, bat eginda egon behar dugula iruditzen zaigu".
  • Alba Gutiérrez (Elkarrekin Podemos): "Hasiera ona da oinarrizko gauzetan inbertitzea. Ezinbestekoa deritzogu gizarte ekintzako diru-partidak eta enpleguari lotutakoak ez murrizteari. Ez dakigu zer gertatuko den 2021an. Herrikideenganako erantzunkizunez, baiezko botoa emango dugu".
  • Alicia Hernández (PSE-EE): "Politika sozialari lotutako aurrekontuak dira, austeroak. Ez dago inbertsio handirik. Aurrekontu hauek atzean inor ez uztea dute helburu. Herritar bakar bat ere ezin da laguntzarik barik egon".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!