Ostalaritza laguntzeko 200.000 euroko diru-laguntza onartu du Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 20a, 11:00

Ostalaritzak bizi duen egoera arindu gura du udalak, neurriagaz. 

"Ostalaritzak eta sektorearen osagarri diren enpresek bizi duten egoera zailaz jabetuta", Zornotzako udalak ezohiko diru-laguntza berria onartu du. "Elkartasuna adierazi gura diogu sektore horri, gure idiosinkrasiaren parte delako eta gure herria bizirik mantentzen duelako", adierazi dute udal iturriek ohar batean.

Establezimenduak bat, bi edo hiru behargin baditu, 1.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Hiru behargin baino gehiago izanez gero, 1.500 euro jasoko ditu. Erabakiari lotuta doan beste neurri bat terrazei buruzkoa da. Udalak ez ditu terraza ipintzeagatiko tasak kobratuko. Are gehiago: establezimendu bakoitzari kobratutako zati proportzionala itzuliko du udalak.

Azkenik, ostalaritzako zabor-tasak beste era batera kobratuko ditu. Udalak interpretatzen du ostalariak "jarduerarik gabe" kategorian aurkitzen direla, eta horrenbestez, beste tasa bat, merkeago bat, kobratu beharko lukeela. "31,04 euro aplikatuko litzaieke hiru hilean behin, jarduerarik gabeko lokal gisa; jatetxeek ordaintzen duten 173,05 euroen ordez edo taberna eta antzekoek ordaintzen duten 71,03 euroen ordez", argitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!