Zornotzako Munarri Gaztetxera joan dira ertzainak, hamar lagun baino gehiago batuta zeudelakoan, "COVIDaren inguruko segurtasun kontuengatik"

Joseba Derteano 2020ko uzt. 23a, 19:20
Ertzainak okupatutako eraikinaren ondoko aparkalekuan.

Atea itxita zegoen, baina ez dute barrura sartzeko saiakerarik egin. EH Bildu eta Elkarrekin Amorebieta alderdietako zinegotzi bana ertzainengana hurreratu dira zer gertatzen zen jakiteko eta identifikatu egin dituzte.

Zornotzako Gazte Asanbladak Forjarien jauregia okupatu zuen duela egun gutxi, eta gaztetxe berri bat atondu gura dute bertan. Gaur 17:00etan gazte asanblada zuten. Batzar horren jakitun, bilera hasi aurretxoan ertzainen bost ibilgailu bertaratu dira. Ez dute eraikin barrura sartzeko saiakerarik egin. "Ez zuten horretarako baimenik" azaldu dute gazte asanbladako iturriek.

Apurka 25 bat pertsona batu dira Munarri gaztetxearen aurrean, barruan zeudenei babesa erakusteko. Menditik ostera bat egitetik bueltan, Gaizka Esparza EH Bilduko zinegotziak eraikin aurrean batutako jendea ikusi du eta bertaratu egin da zer gertatzen zen jakiteko. Ordurako han zegoen Elkarrekin Amorebietako Alba Gutierrez zinegotzia. Ertzainengana joan dira zergatik bertaratu diren galdetzeko. "Hasieran ez digute esan zertara zetozen eta berriro galdetu diegu. Orduan esan digute COVIDarengatik debekatuta daudela jende pilaketak eta segurtasun neurriak bermatzeko bertaratu direla", kontatu du Esparzak. Hamar lagun baino gehiagoko batzarrak debekatuta daude leku itxietan. Barruan hamar lagun zeudela adierazi dute gazte asanbladakoek. 

Ertzainak ez dira saiatu barrura sartzen.  Edozelan ere, "ez zutela sartzeko asmorik esan digute", azaldu du Esparzak. Joan aurretik, "kalean pilatuta zegoen jendearen erantzule egin gaituzte, baina guk esan diegu udaleko zinegotziak garen heinean zer gertatzen den informatzea bakarrik zela gure asmoa". Hala ere, zinegotzi biak identifikatu egin dituzte. "Kalean batutako jendea sakabanatuta eta distantzia errespetatuz zegoen", argitu du Esparzak. 18:45 inguruan joan dira handik ertzainak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!