#0km

Zornotzako Udalak babes kitak banatuko ditu merkataritzan eta ostalaritzan

Anboto 2020ko mai. 11a, 10:12

Loteetan aurpegirako bisera garden bat dago, aurpegia, begiak eta ahoa babesten dituena; hiru litroko gel hidroalkoholikoa eta nitrilozko 100 eskularru dituen kutxa bat.

Zornotzako merkatari eta ostalaritza establezimenduek gaurtik aurrera ateak irekiko dituzte, udalerria deseskalatzearen 1. fasean sartu baita. Zornotzako Udalak herriko sare ekonomikoaren jarduerara itzultzea "osasun berme guztiekin" egitea nahi du, ohar batean azaldu duenez, eta horretarako, gaurtik aurrera babes kitak banatuko dizkie merkatari eta ostalari bakoitzari.

Lote bakoitzean COVID-19tik babesteko aurpegirako bisera garden bat, norbere burura egokitzen dena, ergonomikoa eta garbitzeko modukoa, lausotzen ez dena eta aurpegia, begiak eta ahoa kontaktutik babesteko modukoa egongo da. Horrez gainera, hiru litroko gel hidroalkoholikoa egongo da, %100 naturala, banagailuarekin, eta Munduko Osasun Erakundearen jarraibideak betetzen dituena; eta baita nitrilozko 100 eskularru dituen kutxa bat ere.

Neurri honek Zornotzako Udalak herriko merkataritza eta ostalaritza "dinamizatzeko duen konpromisoari" erantzuten dio, eta baita "profesionalen eta zornotzarren osasun segurtasuna bermatzeko borondateari", oharrean zehazten dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!