Zornotzako ostalariek terrazak handitzeko aukera izango dute

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 8a, 15:08

Osasun larrialdiak iraun bitartean, Zornotzako Udalak terrazak handitzeko aukera emango die terrazarako lizentzia duten ostalariei.

Tabernariek udalari eskatu beharko diote horretarako baiemena. Udalak terraza handitzeko aukerarik ba ote den aztertuko du honako ezaugarriak kontuan hartuta: "pasatzeko utzi beharreko gutxieneko zabalera", hiri altzarien kokagunea, "inguruan herri lanak egiten ari diren, terrazaren alboan zebra-biderik dagoen, edo bestelako osasun segurtasun eta interes publikoko inguruabarrak".

Edozein kasutan, udalak argitu du handitu gura den terrazaren azalera osoa ezingo dela baimendutakoaren bikoitza baino handiagoa izan.  Gainera, "mahai eta aulkien banaketa terrazaren titularraren erantzukizuna" izango dela gogorarazi du. Honek bezero eta oinezkoen arteko segurtasun distantzia bermatu beharko du, eta baita mahaietako bezeroaren artekoa ere.

Eskaria, udaletxean

Terrazak handitu nahi dituzten ostalariek, eskaria aurkeztu beharko dute udaletxean. Datu hauek aurkeztu beharko dituzte: ostatuaren izena,  helbidea, terrazaren titularraren izena eta telefono zenbakia. Eskariarekin batera, eskatzaileak "titularraren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu" beharko du, terraza handiago hau salbuespenezko egoera honetarako bakarrik eta udalak adierazi arteko konpromisoa hartuz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!