“Balkoietako ekimenak gure giza-batasun momentua dira; kalera 'irteten' dugu kalea bera zapaldu beharrik barik”

Joseba Derteano 2020ko api. 6a, 09:12

Ez gaude ohituta lau hormaren artean luzaroan konfinatuta egotera. 24 orduko nahitaezko elkarbizitza erronka bat izan daiteke familientzat giza harremanen ikuspuntutik. Lotura emozionalak indartzeko balio dezake, baina tentsio uneen eta eztabaiden iturburu ere bihurtu daiteke. Zornotzako Psicologia Amorebieta-ko Iban Onandia Hinchado psikologoak egoera horiei modurik egokienean aurre egiteko gakoak eskaini ditu.

Internet bidezko kontsultekin zabiltzate egunotan. Pertsonekin aurrez aurreko tratua ez izateak zelan baldintzatzen du zuen lana?
Ohiz kanpoko egoera da eta ziurgabetasun handia nabari da. Mundu guztia ez dago prest mota honetako terapiak jasotzeko, edo haien egoera pertsonalak ez die uzten. Umeen kasuan, oso zaila da kontsulta psikologikoak internetetik izatea. Honi aurre egiteko, informazioa eta segurtasuna ematen ahalegintzen gara, ikusi dezaten internet bidezko saioek ez dutela ia eraginik harreman terapeutikoan. 

Egunerokotasuna giza harremanetan dauden sakoneko arazoak ezkutatzeko heldulekua izan daiteke. Orain, helduleku hori barik, zelan aurre egin dakioke egoerari?
Ahal den neurrian, errutina bat ipintzea gomendagarria da. Etxe barruko ohiko ordutegi eta ohiturak ahal diren neurrian errespetatzea, normaltasun bat emateko: ohera joateko ordua, esnatzekoa, jatorduena…    

Bikoteen kasuan, zelan eragin dezake konfinamenduak? 
Kasu hauetan, bikotearen egoeraren araberakoa da. Bikotearen erlazioa momentu onean ez badago, tentsio uneak azaleratu egin daitzeke, baina bikote sendoa bada ere, horrek ez du esan gura konfinamenduak tentsiorik sortuko ez duenik. Orokorrean, egoera honetan espazio berean elkarregaz denbora asko pasatuko dutenez, denbora hori gestionatzeko modu desberdinak bilatzea da gakoa. Komunikazioa indartzea ezinbestekoa da. 

Egoera honek umeei gehiago eragiten die nagusiei baino? Gaztetxoen kasuan, zer jarrera nabaritu duzue?
Jakina, zenbat eta gazteago, orduan eta gaitasun gutxiago dute gertatzen ari dena ulertzeko eta barneratzeko. Eta ez da erraza umeei egoera hau azaltzea. Gaztetxoen artean, ostera, justu kontrako fenomenoa gertatzen da kasu batzuetan: jainkoak balira lez portatzen dira, beharbada badakitelako birusak gutxiago eragiten diela gazteei. Eta horrela, legea eta salbuespen egoera beraiei zuzenduta egongo ez balira lez jokatzen dute: festak eginda, kalera irtenda.... Dena dela, logikoa da kalera ez irtetea gatxagoa izatea eurentzat, beharrizan handiagoa dutelako sozializatzeko. Baina denek sufritzen dute ziurgabetasun hori, bakoitzak bere modura.   

Eta koarentenak euren bizitzako egoera emozional delikatu batean harrapatu dituen gaztetxoen kasuan, gurasoek zelan kudeatu beharko lukete egoera?

Honek krisi alde bat dauka, zalantzarik barik, baina aukera aparta ere izan daiteke beste arlo batzuetan, komunikazioan esaterako. Sufritzen edo bereziki sentibera dauden nerabeekin komunikatzeko joera erraztu dezakegu. Aprobetxatu momentu hau erlazioak hobetzeko, komunikazioa... elkarregaz gauzak eginez, bestearenganako gure jakin-mina eta afektua kanporatuz...

Familiei buruz gabiltza, baina bada bakarrik bizi den jendea ere. Zer gomendio duzue eurentzat?
Kasu hauetan, ezinbestekoa da besteekin komunikatuta mantentzea, bai albisteen bitartez munduagaz eta egunerokotasunagaz konektatuta mantentzeko, baita sozialki ditugun beharrizanak asetu ahal izateko ere. Denok dugu senideren bat edo, gutxienez, afektiboki hurbil sentitzen dugun norbait. Besteekin konektatuta egotea ezinbestekoa da, oinarrizko premia baita, gizaki legez behar dugulako. Horregaitik sortu dira edonon boluntario sareak, ez bakarrik oinarrizko beharrizan fisikoak betetzeko (erosketak egin ahal izateko, kaltebera dauden pertsonak arriskuan ez ipintzeko, etab.), baita afektiboak bete ahal izateko ere.

Ez dakigu konfinamendua noiz amaituko den: ezjakintasun horren aurrean, zer jarrera da komenigarriagoa: edalontzia, badaezpada, erdi hutsik ikustea ala beti erdi beteta?
Ez batera ez bestera: edalontzia ahalik eta objektiboen ikustea. Ezin diogu konfinamendu honi iraungitze-data ipini. Hortaz, ez diogu geure buruari tranparik egin behar, ezingo dugulako. Egunerokotasuna bizi, desiratzen ditugun gauzak egin, aprobetxatu aspaldidanik egin gura genituen gauzak egiteko... eta, horren guztiaren gainetik, gozatu normalean denbora ezagaitik hainbeste ikusi ezin ditugun pertsonekin: gure senideekin. Bihar, biharkoak.

Balkoietako ekimenei (txaloak, musika eta bestelako hamaika ekimen) zer deritzezu? Komunitate izaera horrek laguntzen du egoerari aurre egiten?
Komunitate izaera horrek laguntzen du egoerari aurre egiten, dudarik barik! Leiho edo balkoietara irteterakoan, besteen aurpegiei begiratzen diegu, euren emozioak nabarmentzen dituztelako. Behar dugu besteekin errepresentatuta sentitzea, gure emozioak besteengan balidatzea, eurek ere egoera horretan sentipen beretsuak dituztela. Balkoietako ekimenak gure giza-batasun momentua dira. Kalera “irteten” dugu, kalea bera zapaldu beharrik barik. Horrelako ekimenek, musikarien erakustaldiek streaming-ean, etab., gizaki garela erakusten dute, eta oso une politak dira. Une latzetan egiten diren ekimen eta fenomeno hauek gure giza zentzuagaz berriro bateratzera eramaten gaituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!