Zornotzako Aludium enpresan langileak beharrera joatera derrigortu gura dituztela salatu du LABek

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 31a, 12:19
Aludium enpresako irudi bat. ANBOTOren artxiboko irudia (2017)

Besteak beste, produktu farmazeutikoentzako materiala ekoizten da bertan. LABek dioenez, baina, "hori produkzio osoaren %10 inguru besterik ez da", eta enpresari egotzi dio oinarrizko lanei buruzko dekretua "produkzio osoaren %75 inguru egiten jarraitzeko" baliatu izana. "Horren adibide da, gaur gaueko txandako langileak eraikuntzarako diren materialak ekoizten aritu direla", dio LABek. Gaur goizaldean geldialdia egin dute langileek, protesta modura.

"Etekin ekonomikoak langileen osasunaren gainetik" ipintzea egotzi dio LAB sindikatuak Aludium enpresari. "Indarrean dagoen dekretua fede txarrez erabiltzen ari dira. Confebask eta Arantza Tapiaren sailburuaren aholkuak jarraituz, langileen osasuna defendatu ordez, produkzioa eta kapitala lehenetsi dute", esan du LABek. Sindikatuak gaineratu du langileak "prest" daudela "oinarrizkoa eta ezinbestekoa den produkzioa soilik aurrera ateratzeko", baina uko egin diotela "oinarrizkoa ez den produkzioa egiteari". Goizaldeko 6:00etan "plantoa" egin dute langileek egoera salatzeko. Bestalde, "beharrezko salaketa ofizial guztiak" sartuko dituela aurreratu du LABek.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!