Zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak laguntzeari ekin dio Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 30a, 11:20

Zornotzako 50 bat familiari elikagaiak eta higiene produktuak banatzeari ekin dio, herriko supermerkatu handien laguntzagaz. Bestalde, udal zergen eta tasen kobrantzak eten ditu behin-behinean, alarma egoera amaitu arte. Neurri hauek eta beste hainbat herritarren ongizatea bermatzeko helburuz hartu ditu Zornotzako Udalak.

Koronabirusak eragindako testuinguru ezohikoaren aurrean, "herritar guztien ongizatea eta osasuna bermatzeko" helburua markatu du Zornotzako Udalak. Babes sozialerako neurriak hartu ditu, eta zailtasun ekonomikoak dituzten familiengan ipini du arreta. "Bereziki kezkatzen gaituzte zailtasun ekonomikoak dituzten familiek", esan du udalak. Horregatik, Zornotzako Eroski eta Lidl supermerkatuen laguntzari esker, udalak "oinarrizko produktuak" eman dizkie familia horiei (elikagaiak eta higiene produktuak). "Une honetan 50 familiek laguntza jaso dute", azaldu du udalak. Bestalde, telefono bidezko jarraipena egiten ari zaie adinduei eta menpekoak diren herritarrei. "Herriko sare ekonomikoa babesteko helburuarekin", berriz, beste neurri bat ihartu du: udal zergen eta tasen kobrantzak eten ditu "alarma egoera amaitu arte".

Desinfektatze lanak

Herriko inguruak desinfektatzeko neurriak hartuak ditu jada udalak. Herritarren joan-etorria handixeagoa den tokietan egin dituzte: supermerkatuetako eta botiketako sarreretan, paperontzi eta edukiontzietan eta arkupeetan, besteak beste.

Udaletxea eta Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik daude, baina udalak gogora ekarri du herritarren batek zerbait behar izatekotan, komunikazio telematikoa lehenetsi behar duela. Udalari lotutako kudeaketaern bat egiteko 946300190 telefonora deitu 688866600 WhatsApp zenbakira idatzi edo beste honako helbide elektroniko honetara jo daiteke: haz@amorebieta.eus.

Herritarrei "erantzunkizunez" jokatzea eskatu die udalak, "beraien bizitza edo inorena arriskuan ez ipintzeko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!