Dena geldirik dagoela aprobetxatuta goi-tentsioko linearen lanak "isilean" eta "ezkutuan" egiten ari direla salatu Zornotzako EH Bilduk

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 27a, 13:14

"Hainbat herritan jo ta su lanean ari dira, baita Zornotzan ere, munduak balazta zapaldu duen momentua aprobetxatuz eta denok etxean gauden momentua baliatuz, jendearen arreta deitu gabe", dio Zornotzako EH Bilduk

Ez da koalizio subiranistak lanak salatzen dituen lehenengo aldia. Martxoaren hasieran, Arkotxa-Bediaga auzoaren inguruetan lanak hasita zeudela baieztatu zuen auzotar baten abisua jaso ostean.

Otsailetik datorren eztabaida

Kontua Zornotzan otsailean egindako osoko bilkuratik dator. Bertan, Ander Uriarte EH Bilduren bozeramaileak Andoni Agirrebeitia alkateari eskatu zion goi-tentsioko lanak udalerriko tokiren batean hasiko balira, horiek eteteko. EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren ebazpen batean oinarritu zuen eskaria. Ebazpen horren arabera, Foru Aldundiak ezingo lioke goi-tentsioko linearen lanak hasteko baimena eman Red Eléctrica de Españari; besteak beste, "baso espezieak" babestea eskatzen delako bertan. Arkotxan eta Bediagan hasitako lanek "sai zuriaren (babesturiko espeziea) habiagintzako eremua galtzea" ekarri dezakeelako. Andoni Agirrebeitia alkateak Uriarteren eskariari erantzun zion. Azaldu zuen lanak baimenik barik hasi diren berririk izango balu, "udal teknikariak bidali, argazkiak egin" eta jakinaren gainean ipiniko lukeela Bizkaiko Foru Aldundia.

Oraingoan, baina, koronabirusagatiko krisiak ia dena eten duela eta testuinguru horretan lanak "isilpean" eta "ezkutuan" egiten ari direla salatu du. "Bi aste baino gehiago igaro direnean, lanek martxan jarraitzen dute, lau dorreren oinarriak jada eraiki dituzte (Arkotxa-Bediaga inguruan eta Mandabieta inguruan). Bizkaiko Foru Aldundiak lanak eteteko agindua argitaratu bitartean Red Electrica Españak isilean, izkutuan bere txikizioarekin jarraitzen du", salatu du koalizioak ohar batean.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!