Zornotzako Arkotxa-Bediaga auzoaren inguruan goi-tentsioko linearen lanak hasi dituztela salatu du EH Bilduk

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 9a, 09:28

Zornotzako EH Bilduk lanak hasiko ote ziren susmoak planteatu zituen joan zen astean, eta susmo horiek baieztatu egin ditu oraingoan. Koalizio subiranistak salatu du Red Eléctrica de Españak Güeñes-Itsaso goi-tentsioko linearen lanak martxan ipini dituela Zornotzako lurretan. Azaldu duenez, Arkotxa eta Bediaga auzoen inguruetan hasi dituzte lanak, eta, hain zuzen ere, dorre elektriko bi eraikitzeko lehenengo oinarriak ipini direla salatu dute. Proiektuko "T49 eta T50 dorreak" dira eraikitzen dabiltzanak. EH Bilduk azaldu du auzotar baten deiari eskerrak izan dutela lanen berri, eta, orain, "lanak eteteko beharrezko neurriak" hartzea eskatu diote Zornotzako Udalari.

Kontua otsailean egindako osoko bilkuratik dator. Bertan, Ander Uriarte Zornotzako EH Bilduren bozeramaileak alkateari eskatu zion goi-tentsioko lanak udalerriko tokiren batean hasiko balira, horiek eteteko. EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren ebazpen batean oinarritu zuen eskaria. Ebazpen horren arabera, Foru Aldundiak ezingo lioke goi-tentsioko linearen lanak hasteko baimena eman Red Eléctrica de Españari; besteak beste, "baso espezieak" babestea eskatzen delako bertan. Arkotxan eta Bediagan hasitako lanek "sai zuriaren (babesturiko espeziea) habiagintzako eremua galtzea" ekarri dezakeela uste du koalizioak. Andoni Agirrebeitia alkateak Uriarteren eskariari erantzun zion pasa den osko bilkuran. Azaldu zuen lanak baimenik barik hasi diren berririk izango balu, "udal teknikariak bidali, argazkiak egin" eta jakinaren gainean ipiniko lukeela Bizkaiko Foru Aldundia.

Beste herrietan ere bai
Zornotzako kezka ez da kasu isolatua. Azken asteotan, antzera bateko kezkak Durangaldeko beste hainbat herritan ere igarri dira. Mallabian, esaterako, hainbat herritarrek salatu zuten Red Eléctrica de España hasita zegoela dorreak eraikitzen. Berrizen ere salatu dituzte baimenik barik egindako lanak. Zornotzaren txanda heldu da orain. Goi-tentsioko linea Igorre aldetik sartu, Arkotxa-Bediaga eta Saratzu auzoak pasatu, eta Iurretako lurretan sartuko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!