“Zabor poltsekin txalekoak egiten gabiltza, bataren gainean zerbait iragazgaitza ipintzearren”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 27a, 09:30

Osasun langileak ahalegin betean dabiltza egunotan koronabirusaren krisiari aurre egiteko. ANBOTOk Galdakaoko ospitalean zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) lan egiten duen Sara Estebez erizain zornotzarragaz berba egin du.

Lehenengo eta behin, zer moduz zaude?
Pertsonalki oso urduri nabil eta antsietate handiagaz. Lanera goazenean, mediku eta erizainok lehenengo lerroan egon behar dugu, eta, gainera, badakigu ez gaudela ondo babestuta. Azken batean, ospitale guztietan material falta dago. Azkenean, urduri zoaz lanera, ez dakizu oso ondo zer egin behar duzun, zelan jantzi behar zaren. Material falta dagoenez, momentuan dagoenera egokitu behar duzu. Hasieran ipini zuten materialetik orain dugunera alde itzela dago. Kontua ikaragarri aldatu da.

Beraz, Galdakaoko ospitalean material falta dago?
Bai, eta gainerako ospitale guztietan ere material falta dagoela esango nuke. Ez daukagu erabili behar genukeen materiala; hau da, babes ekipamendua deritzoguna. Galdakaon, esaterako, beste teknika batzuk egiteko beti erabili izan ditugun batak erabiltzen gabiltza orain. Gainera, berrerabili egiten ditugu. Nik erabiltzen dudan bata pertxa batean uzten dut eta hurrengo txandakoak berdina erabiltzen du. Hori ez litzateke egin behar.

Horrez gainera, hasieran bata kirurgiko berdeak erabiltzen genituen. Horiek amaitu egin zitzaizkigun eta beste zuri batzuk ekarri zizkiguten. Baina horiek ere amaitu ziren. Azken egunotan bizi dugun momentuko egoerari aurre egiteko, zabor poltsekin txalekoak egiten gabiltza, bataren gainean  zerbait iragazgaitza ipintzearren.

Maskarillekin ere berdina gertatzen zaigu. Mota bikoak ditugu; horietariko batzuk bereziak dira, Covid-19a duten gaixoekin teknika zehatz batzuk egiteko erabili behar direnak. Baina horiek ere gutxi ditugu. Kontatuta dauzkagu zenbat ditugun eta bakoitza berea gordetzen ibiltzen da maskarillarik barik ez gelditzeko. Hala ere, maskarilla horiek filtro berezi batzuk dituzte eta filtro horiek ordu batzuk baino ez dute irauten. Baina guk, nahiz eta hori jakin, hainbat egunean erabili behar dugu maskarilla bera.

Momentu honetan, zelan dago Galdakaoko ospitalea?
Gure ZIUan hamar box izaten ditugu normalean, eta gripe sasoian hamahiru egoten dira zabalik. Baina, orain, egokitzapen batzuk egin eta hamabost ditugu, eta horietatik hamabi okupatuta ditugu koronorabirusa duten gaixoekin. Kopuru hori betetzen denean, gora bideratuko dira gaixoak, hau da, erreanimazio solairura. Han tokia egokituko da eurentzat

Beti izango da gogorra ZIUn lan egitea. Baina, orain, inoizko gogorrena izaten ari da?
Bai. Bai niretzat eta baita lankide guztientzat ere. Batez ere, dagoen giroagatik. Eta hori gu nahiko lasai gabiltzala eta gure artean laguntasun handia dagoela. Izugarri laguntzen diogu elkarri. Dena dela, oso gogorra izaten ari da; azken batean, gaixo guztiak intubatuta ditugu, eta ZIUan paziente baten egoera momentu batetik bestera aldatu daiteke. Halakoetan ez dago pentsatzeko aukerarik ia, momentuan bertan erreakzionatu behar dugu. Esaterako, gaixo batengana sartu behar badugu, lehenengo ondo jantzi behar gara, gu arriskuan ez ipintzeko. ZIUan maskarillagaz eta batagaz egoten gara momentu oro, baina box batera sartu behar badugu, txanoa, betaurrekoak... ipini behar izaten ditugu. Halakoetan, bizkor hartu behar izaten ditugu erabakiak: edo atoan sartu gaixoari bizia salbatzera, edo lehenengo ganoraz jantzi nire burua arriskuan ez ipintzeko. Horrelako momentu asko bizitzea tokatzen zaigu, eta oso gogorra da.

Herritarrak egunero irteten dira balkoira, 20:00etan, osasun langileei txalo egin eta egiten zabiltzaten lana eskertzeko. Zuen lana baloratuta dagoela uste duzu?
Momentu honetan baloratzen dela esango nuke, baina pandemia hau amaitzen denean jendeak ahaztuta izango du. Gainera, uste dut jendea, batez ere kargu handia duten horiek, ez direla konturatzen gu borrokan gabiltzala beti, eta askotan dugula pertsonal falta, gure kontratuak txarrak direla eta abar.

Ia aste bi daramatzagu konfinatuta etxean. Jendea egoera honegaz geroago eta kontzienteagoa dela esango zenuke?
Bai, baina oraindino ere lanera joaten naizenean jende asko ikusten dut kalean. Ogia erosteko aitzakiagaz jendea egunero irteten da kalera, eta horrela ezin da aurrera egin. Beraz, mesedez, gelditu zaitezte etxean, hau ez da broma bat eta. Gauza serioa da eta neurri guztiak hartu behar ditugu ahalik eta arinen pasatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!