Zornotzako Udalak eta Gurutze Gorriak laguntza sare bat antolatu dute erosketak etxera eramateko

Anboto 2020ko mar. 16a, 14:43

Besteak beste, etxean berrogeialdian daudenei elikagaiak, higiene artikuluak eta botikak eramango dizkiete.

Alarma egoerak dirauen bitartean, Zornotzako Udalak eta Gurutze Gorriak, herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko, telefono bidezko laguntza eta etxerainoko laguntza sare bat antolatu dute.

Jarraipen telefonikoa egiteko sistema bat ezarri da bereziki zaurgarriak direnentzat, esaterako bakardade eta isolamendu egoeran dauden adinekoentzat, desgaitasuna dutenentzat, errefuxiatuentzat, 65 urtetik gorakoentzat edo gaixotasun kronikoak dituztenentzat.

Sare honek ere etxerainoko babesa emango die koarentenan daudenei, elikagaien eta oinarrizko higiene artikuluen hornidura eta laguntza farmakologikoa, bereziki gaixo kronikoei, emango zaielarik. Beti ere mediku batek agindutako botikak izan beharko dira, ohar batean zehaztu dutenez.

Boluntario moduan lagundu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali dezakete Gurutze Gorrira (voluntariadobizkaia@cruzroja.es) edo Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez izena eman dezakete (HAZ).

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak ere boluntarioen laguntza sarea aktibatu du. Interesatuta daudenek 94 416 15 11 telefono zenbakira dei dezakete edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera: bizkaiagara@bizkaia.eus

Amorebieta-Etxanoko Udala: komunikazio telematikoa

Alarma egoerak dirauen bitartean, zornotzako udaletxea eta Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) zabalik egongo dira. Dena dela, ahal den guztietan komunikazio telematikoa lehenestea eskatu dute. Horregatik, Udalarekin harremanetan jarri nahi dutenek 010era dei dezakete edo 94 630 00 02 telefono zenbakira, whatsapp bat bidali 688 866 600 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera: haz@amorebieta.eus.

Azkenik, COVID 19aren sintomarik izanez gero, erabili beharreko telefono zenbakia gogoratu dute: 900 20 30 50.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!