[BIDEOA] Euskarak batu ditu berriro Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria

Anboto 2020ko mar. 2a, 20:00

Zornotzan, Andra Mari ikastolako guraso elkarteak antolatutako berbaldian parte hartu dute Athletic eta Erreala futbol taldeetako kapitain izandakoek.

1976an, Athleticen eta Errealaren arteko derbiaren atarikoan, historiarako geratu den irudiko protagonista izan ziren Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria talde bietako kapitainak. Ikurrinari eusten zelairatu ziren Atotxara, zaleen txaloen artean. Orduan oraindino legez kanpo zegoen ikurrina.

Joan zen barikuan irudi hori berritu zuten Zornotzako Andra Mari ikastolan. Guraso elkarteak antolatutako hitzaldian izan zen. Elkarteko kideak kezkatuta daude, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioan gero eta gutxiago erabiltzen delako euskara eta hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzeko lehen ekimeneko protagonistak izan ziren Iribar eta Kortabarria. “Bere sasoian ikurrinak batu zituen eta gaur euskarak batzen gaitu”, azaldu zuen guraso elkarteko kide Amaia Sarrionandiak hitzaldiaren hasieran.

Protagonista biek euskararen egoeraren inguruan hausnartu zuten eta, zelan ez, derbi historiko hartako pasarteak ere gogoratu zituzten.

Hitzaldiaren ostean ikastolako jolastokian batu ziren 1976ko derbiko irudia errepikatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!