“Euskararen erabileran sakontzeko dinamika berri bat sortzeko asmoa dugu”

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 26a, 10:00

Zornotzako Andra Mari ikastolako guraso talde batek 'Euskara taldea' sortu zuen orain hainbat urte. Ikastolako gurasoen hizkuntza ohiturekin kezkatuta, diagnostiko txiki bat egin dute orain, eta, hemendik aurrera, euskararen erabileran sakontzeko bideak ipini gura dituzte martxan.

Ikastolako gurasoen arteko hizkuntza ohiturekin kezkatuta zaudete. Zein da egoera?
Amaia Sarrionandia:
Joan zen ikasturtean inkesta bat egin genuen ikastolako gurasoekin. Euskararen erabileraren eta hizkuntza ohituren argazkia zein zen ikusi gura genuen. Guraso guztiei helarazi genien inkesta, eta konturatu ginen gurasoen euskara ezagutza oso altua zela. Baina erabilera ez zetorren ezagutzagaz bat, eta horrek etxeko ohituretan ere bazuen isla.
Maria Aldazabal: Etxean, umeek adin bat betetzen duten heinean, hizkuntza ohitura euskaratik gaztelaniara pasatzen dela ondorioztatu dugu.
Asier Bilbao: Gurasoak umeak batzera datozen momentuan ere egin genuen ikerketa. Ordura arte genituen susmoak baieztatu ziren: ume txikiak dauden ikastolako aldean gehiago erabiltzen da euskara. Hiru gurasotik bik. Ume nagusiagoak dauden ikastolako aldean jaitsi egiten da euskararen erabilera: hirutik batek egiten du umeekin euskaraz.

Zein faktorek eragiten dute adinaren araberako erabilera gainbehera hori?
A.S.: Ikertutakoaren arabera, ohitura, lotsa, komunikabide eta kultura kontsumoa edo euskararekiko aurreiritziak dira faktoreetariko batzuk.
A.B.: Gurasoek euskara ez dakitela dioen mitoa botatzeko ere balio izan digu neurketak. 10 gurasotik 7 edo 8 euskaraz moldatzen dira eta bat edo bi dira zailtasunak dituztenak.

Aztertu duzue biderik egoera aldatzeko?
A.S.:
Joan zen barikuan kafe tertulia bat antolatu genuen. Hainbat guraso gonbidatu genituen eta gai honi helduta aritu ginen eztabaidan. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta buruan 'klika' egiteko moduak bilatzen ari gara.
Iñaki Kortabarria.: Dinamika berri bat sortzen hasteko pausoak emango ditugu. Ideia polit asko mahaigaineratu ziren kafe tertulian. Ideia konplexuagoak ere bai. Dena dela, argi dugu hau ez dela ikasturte baterako zerbait, hurrengo urteetarako bide bat baino. Ezer egiten ez badugu, erretzeko arriskua dago.
A.S.: Ikastolaren esparru guztietara hedatu beharreko zerbait da.

Euskara taldeko kide zareten heinean, kezka hau zuena bakarrik da ala gainerako gurasoena ere bada?
I.K.: Ardura beti egon da hor, eta ikastetxe denetan. Askotan iruditzen zait irakasleak ez direla gurasoen eremuetan sartzen, haiena ez delakoan. Gurasook ere berdina egiten dugu, baina alderantziz. Iruditzen zait garrantzitsua dela arazoari komunitate bateratu batek lez erantzutea. Euskara ez da zerbait akademikoa. Horrela bizi gura dugu.

Zelan bultzatu daiteke euskara balio positiboekin transmititu eta lotzea?
M.A.: Etxean zein ikastolan jasotakoak maitasunagaz lotuta joan behar du. Euskararekiko maitasun bategaz, balio erantsi bategaz. Alde horretatik, gizarte lez kale egin ote dugun irudipena dut.
I.K.: Gu gazteagoak ginen sasoian, argia zen euskararen aldeko apustua, egoera politikoagatik edo dena delakoagatik. Burugogorkeria moduko batek eragin zuen euskarari garrantzia ematen. Oraingo egoerak, baina, beste zerbait eskatzen du. Nerabeengana hurbiltzeko, haien hizkuntzan egin behar dugu berba. Amorruaz, drogez, maitasunaz, sexuaz edo dena delakoaz euskaraz berba egitea ere posible dela ikusi behar dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!