Zornotzako San Antonio auzoan, N-634 errepidean, biribilgunea eta goiko pasabidea egingo ditu Bizkaiko Aldundiak

Joseba Derteano 2020ko urt. 31a, 11:41
San Antonio auzokoek protesta bat baino gehiago egin izan dute euren egoera salatzeko.

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak osoko bilkuran jakitera eman duenez, Eubatik Ibarrara arteko (Montorra jeitsi arte) tartea hobetuko du Bizkaiko Foru Aldundiak. 

N-634 errepideko trafikoa A8ra bideratzeko eskatu dute gaur goizean osoko bilkuran mozio baten bitartez San Antonioko auzotarrek (EH Bilduk aurkeztu du mozioa). Bilkurako puntu hori baliatuta, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak Euba eta Ibarra arteko bide zati konponduko duela 6,5 euroko inbertsiorakin. Proiektu horren barruan udalak 200.000 euroko inbertsioa egingo du. Bi kilometro inguruko tartea izango da eraberrituko dena.

Lanen artean San Antonio auzokoen segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko dituzte. Alde batetik biribilgune bat egingo dute industrigunerako sarreran, eta bestetik goi pasabide bat egingo dute auzotarrak errepideko alde batetik bestera igaro daitezen. Horrez gainera, espaloiak egingo dituzte errepideko alde bietan.

Trafikoaren segurtasuna hobetzeko hartuko dituzten neurri gehiagoren berri ere eman du alkateak. Alde batetik, Euba eta San Antonio auzoen artean dagoen bihurgune itxia, Tetuaneko bihurgunea, leunduko dute. Puntu horretan istripu "asko" egon direla gogorartu du Agirrebeitiak, azkena iazko abenduan. San Antonio auzoa igaro ostean, dagoen beste bihurgunea —Malespera izenagaz ezagutzen dena— ere leunduko dute. Horrez gainera, Motorrako aldapa baino lehen dagoen zuzengunean,  ibilgailuak Zubieta industrigunetik N-634 errepidera sartzeko dagoen azelerazio-erreia luzatu egingo dute. Azkenik, Montorra ostean Ibarrara sartzeko sarbidea hobetuko dute. Ibilbide osoko bazterbideak ere hobetuko dituzte.

2020ko udazkenean hasiko dira lanak, eta hogei hilabetez luzatuko direla adierazi du Agirrebeitia alkateak. Hurrengo urratsa Aldundiaren eta udalaren arteko hitzarmena sinatzea izango da.

Mozioaren eztabaida

San Antonio auzokoek eta, oro har, N-634 errepide alboan bizi diren bizilagunek sinadurak batu dituzte errepideko arriskuak salatu eta konponbideak eskatuz. Era berean, helburu berdinarekin mozio bat luzatu dute udalbatzarrera. EH Bilduk eman dio sarbidea mozioari eta Ander Uriarte zinegotziak irakurri du testua gaur goizeko udalbatzarrean. Testuak eskaera bat luzatzen zion udalari: eskatu ziezaiola Aldundiari trafikoa AP-8tik bideratzeko. Hiru erreiegaz eta egunero 31.000 ibilgailuko emariagaz, AP-8a "gutxiegi erabilita" eta "orain 17 urtetik amortizatuta" dagoela jasotzen du testuak. Eztabaida horren erdian zeudela eman du alkateak Euba eta Ibarra arteko proiektuaren berri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!