Zornotzako hainbat eragilek agerraldi bateratua egin dute gaur arratsaldean udal plazan. “Beharrezkoa da hilaren 30 honetan kaleak betetzea hainbat zapalkuntzari aurre egiteko: indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanaren sexuaren araberako banaketari, arrazakeriari, kontsumo ereduari eta zapalkuntza guztiei.
Maialen Arteagak talde feministen izenean egin du berba. “Feministok ere gure aldarri propioak eransten ditugu, besteak beste, prekarietaterik, indarkeria matxistarik eta heteroaraurik bako bizitza anitzak”. Gazteriari eta hezkuntzari buruz ere egin du aipamena. LOMCE eta Heziberri proiektuak “eliteen mesederako” direla iritzita, “hezkuntza euskaldun, feminista, inklusibo eta publikoak” aldarrikatu ditu.
Harrera taldearen izenean berba hartu duena Fadira Belhadji izan da. “Bakoitzaren jatorrizko herria edozein izanda ere, greba elkartasunaren topaleku izan dadin gura dugu. Euskal Herritik hasi gura dugu mundu hobe eta justuago bat sortzen”, esan du.
Itziar Madariagak pentsiodunen izenean egin du berba. Aldarrikapenak hasi zituztenetik hiru urte pasa direla eta, eskakizunak bete arte mobilizazioekin segituko dutela azaldu du.