Azaroak 25

Zornotzan mahai-ingurua egingo dute zaintza lanetan dabiltzan emakumeen errealitatea erakusteko

Joseba Derteano 2019ko aza. 21a, 09:33

Zornotzako Talde Feministak eta M8 Plataformak, elkarlanean, ekintza sorta antolatu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, Indarkeria matxista borrokatuz izenburupean. Zaintza lanetan dabiltzan emakumeei buruz azaroaren 23ko zapaturako aurreikusi duten mahai-ingurua da ekimen nagusia. 12:00etan hasiko da, Zelaietako auditorioan.

Arlo horretako langileen lan baldintzen prekaritatea gizarteratzea da helburua. "Zaintza lanetan dabiltzan emakumeen errealitateak eta egoerak bisibilizatzeko espazio seguru bat sortu gura dugu", azaldu du Zornotzako Talde Feministako Amaia Fernandezek mahai-ingurua antolatzeko arrazoiaren inguruan. Gai horretan adituak diren hizlariak gonbidatuko dituzte, baina ekimen zabala eta parte-hartzailea izatea gura dute, ideien trukaketarako gune bat izan dadila. "Horregatik, dei egiten diegu zaintza lanetan dabiltzan herriko emakumeei euren ekarpenak, egoerak eta gogoetak bertara ekartzeko", dio Fernandezek. Oraingoa ez da zaintza arloko emakumeen gaia gizarteratzeko egiten duten lehenengo ahalegina.  Esaterako, uztailean kontzentrazio bat egin zuten Zornotzan, sektore horretan dabiltzan emakumeen lan baldintzak hobetzea eskatzeko, eta Emakumeen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, lanbide feminizatuen inguruko solasaldi bat egin zuten.

Elkarretaratzea
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean bertan, azaroaren 25ean, mobilizazioa eta ekitaldia egingo dituzte, Indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa feminista lelopean. Zornotzako Erreferendum plazatik abiatuko dira, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!