Pozik hartuko zenuen saria.
Lehenengoz aurkeztu naiz, eta pozik hartu dut, jakina. Lanean emandako denbora eta ipinitako ilusioa kontuan hartuta, eta ideia garatzen egindako lanaren ondoren, finalisten artean egotea poztekoa da. Irabazlea herritarren botoek erabaki izanak proposamena gustatu zaiela esan gura du eta horrek indarra ematen du.
Herritarrek aukeratu izanak beste balio bat ematen dio?
Bai. Euren jaiak dira, eurek erabaki behar dute zer duten gurago. Hala ere, lehenengo balorazio bat egiteko, erabaki batzuk hartzeko, adituak egotea eskertzekoa da. Bien arteko oreka ondo ikusten dut.
Zer erakutsi gura du zure kartelak?
Ahal dela, jaien laburpen txiki bat egiten ahalegintzen naiz beti, herriko ikonorik adierazgarrienak islatuz. Horretarako, danborra hartu dut elementu nagusi moduan. Zelanbaiteko ontzi moduan erabili dut, eta bertatik ageri dira danborradako zuzendaria, herrian ikoniko bihurtu den Nagelen eskultura, sukalkiaren erreferente bat eta esku pilotako pilota. Jaietako partaide lez, deneriko jendea ere islatu gura izan dut. Positibotasuna eta dibertsitatea bilatu ditut, jaiak denontzat direlako. Jaietako poztasuna transmititzeko, kolore alaiak erabili ditut.
Ez da lehenengo aldia horrelako lehiaketa batera aurkezten zarena.
Ez. Orain urte bi Mungiako eta Bermeoko jaietako kartel lehiaketak irabazi nituen, eta, iaz, Kataluniako herri bateko lehiaketa irabazi nuen. Bermeon eta Durangon ere finalista izan naiz, adibidez.
Bermeokoa izanda, ezagutzen dituzu Zornotzako jaiak?
Bai, ibilitakoa naiz. Baina aurten ez dut joateko aukerarik izango. Batez ere, gau giroa ezagutzen dut. Kontzertuak eta txosnetako giro sanoa gustatzen zaizkit gehien.