Zornotzako jaiak

43 urteren ondoren, Zornotzak musika banda du berriro ere

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 10a, 09:00

Lau hamarkada baino gehiagoren ondoren, Zornotzak bere ondare musikala berreskuratu du. Horrela, 43 urteren ondoren, bertako musika bandak berriro ere herriko kaleak girotuko ditu jaietan. Uztailaren 15ean, txupina jaurti eta gero, kalerik kale arituko da banda, Aritz Labradoren gidaritzapean. 

Musika Eskolagaz hartu-emanean, gaur egun hogei bat lagunek osatzen dute taldea, baina, aurrera begira, familia handitzea gustatuko litzaioke Labrador zuzendariari. Hainbat adin tarteko zornotzarrek osatzen dute banda munizipala, tartean ikasle gazteek. Baina, horietatik aparte, 1976an [banda desagertu zen urtea] kide izandako  Txapi saxo-jotzailea ere bada bandako kide gaur egun.

Aurkezpen kontzertua 
Labrador zuzendariak izaera desberdina eman gura dio hasieratik bandari. Horrela, deneriko musika motak jorratzen dituzte, bandaren jarduna kaleko emanaldietara soilik ez mugatzeko. "Aurrera begira, kontzertu propioak eskaintzea litzateke gure asmoa", azaldu zuen Labradorrek berak bandaren itzulera iragarri zuen prentsaurrekoan. Musika amerikarra, modernoa, tradizionala eta euskal melodia batzuk ere jo zituzten bertan. "Banda berriro ere Zornotzako agente kultural garrantzitsuenetariko bat izatea gura dugu", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!