Amparanoia, Kaotiko, Esne Beltza eta Benito Lertxundi, Zornotzako jaietako kontzertuen artean

Joseba Derteano 2019ko mai. 28a, 13:25
Amparanoia taldea agertokietara itzuli da. (Argazkia: Facebook, 'Amparanoia')

Zornotzako Zirkinik Bez taldearen eta Onintze musikariaren zuzenekoak eta  Willis Drummond, Gozategi, Huntza, Nogen eta Dvicio taldeen kontzertuak ere izango dira Karmen jaietan.

Zornotzako Udalak konfirmatuta ditu uztailaren 15etik 27ra ospatuko diren herriko jaietan egongo diren kontzertuak. Onintze artista zornotzarrarekin hasiera emango zaie jaiei uztailaren 15ean. Punto de partida izeneko lan berria du, A la luz de la luna single-aren ondoren. Azken honen bideoklipa Islandian grabatu zen. Uztailaren 16an Gozategi taldearen txanda izango da, Euskal Herriko plaza eta herrietan ibilbide luzea duen taldea.

Uztailaren 19an Amparanoia ikusi ahal izango da. Aurten berriro agertokietara bueltatu den talde honek geldiune bat egingo du bere biran Zornotzan abesteko. Oihan Vega DJa ere egun berean izango da. Uztailaren 20an Ira entzun ahal izango da. Vallecasekoa da rapa egiten duen neska talde hau eta beraiekin egongo dira Proyect Show DJ-ak. Egun berean Orquesta Londonen esku egongo da camp dantzaldia.

Uztailaren 21ean swinga eta musika elektronikoa uztartuko ditu Swingtronics musika taldeak eta, uztailaren 22an,uzta Anita Parker-ek swingetik hurbil dauden soinuak eskainiko ditu.Uztailaren 23an Huntza taldea eta bere folk-rock musika izango dira protagonista.

Uztailaren 24an Benito Lertxundi euskal kantautoreak eskainiko du kontzertua. Egun berean arituko dira Nogen eta Esne Beltza. Gainera, Trikiziok dantzan jarriko ditu hurbiltzen diren guztiak. Biharamunean erromeria egongo da Zirkinik ez taldearen eskutik.

Serafin Zubirik En Esenzia orkestrarekin errezital bat eskainiko du uztailaren 26an. Egun berean, rocka izango da entzungai Kaotiko eta Baionatik datozen Willis Drummond taldeekin.

Jaiei amaiera emateko, uztailaren 27an, Madrilgo Dvicio taldeak zornotzar guztientzako kontzertua eskainiko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!