“Lotsatia naiz eta ez nuen uste bakarka disko bat aterako nuenik”

Karolina Suarez 2019ko mar. 13a, 09:17

Onintze Garcia zornotzarrak lehen lana kaleratu du bakarlari legez. Paco Salazar da diskoaren ekoizlea. Sona handiko musikariekin egin du lan Salazarrek. Besteak beste, Dani Martinegaz, Amaia Monterogaz eta Celtas Cortos taldeagaz egin du lan.

Zer aurkitu dezakegu kaleratu berri duzun diskoan?
Hamar kantuz osatutako diskoa da. Urteak daramatzat kantuak idazten, eta euskarazkoak Seiren taldean erabili ditugu. Gaztelaniazkoek ez zuten bat egiten taldearen estiloagaz. Horiekin proiektu berri bat hastea erabaki nuen, eta hona kaleratu berri dudan diskoa.  

Zein estilotan kokatuko zenuke 'Punto de partida'?
Jokin Lacalleren influentziak medio, Seirenen pop estiloa eta folka nahasten genituen. Honetan bakarrik nagoenez, pop-rocka egiten nabil. Horixe izango litzateke aldaketa nagusia, nahiz eta kantu bakoitzak bere ezaugarriak dituen.

Zer kontatzen dute letrek?
Letra batzuk niri gertatutako istorioak dira. Beste batzuen istorioetan sartuta eta nire azalean sentituko banitu bezala kontatutakoak ere baditut. Egoera horietan zer egingo nukeen abesten dut. Lehen pertsonan idatzita daude guztiak.

Zein da kantuak gaztelaniaz kaleratzeko arrazoia?
Ez dago arrazoi berezirik horretarako. Batzuek hizkuntzak nahasten dituzte disko berean; niri, ostera, ildo berdinari eustea gustatzen zait. Urteetan zehar euskaraz eta gaztelaniaz idatzi izan dut. Euskarazkoak Seiren taldean erabili ditugu eta gaztelaniazkoak kutxa batean gordeta egon dira orain arte.

Nork gehiago hartu du parte diskoan?
Paco Salazar ekoizleak baxua, gitarrak, teklatua eta programazioak grabatu ditu. David Soler pedal steelean aritu da. Jokin Lacallek konposaketan lagundu dit eta koroak egin ditu. Azkenik, Mondy Alonso perkusioaz arduratu da.

Bakarlari legez argitaratzen duzun lehenengo diskoa da.
Lotsatia naiz eta ez nuen uste bakarka disko bat aterako nuenik. Seiren taldean Jokinegaz batera egon naiz beti, eta babestuta sentitzen nintzen. Gero, kantu hauek defendatzeko unea iritsi zen. Beldur asko nituen, baina ingurukoek asko animatu ninduten.

Paco Salazar da diskoaren ekoizlea. Nolakoa izan da beragaz lan egitea?
Ikaragarria. Esperientzia oso ona izan da eta gauza asko ikasi ditut beragaz. Bere moduko pertsona bategaz lan egin ahal izatea zorte handia da. Bere ekarpenak hoberako izan dira, momentu oro.

Ahotsa erdigunean jarri duzue.
Normalean, beste modu batera grabatzen dira diskoak: azkenerako utzi ohi da ahotsaren grabaketa. Baseak grabatu ditugu lehenengo, eta ahotsa gero, musika tresnak baino lehenago. Ahotsari eman gura izan diogu protagonismoa; exijentzia maila handiagoa izan da. Ahotsaren arabera moldatu ditugu gainerako soinuak.

Seiren taldearen amaiera suposatzen al du ibilbide berri honek?
Standby batean gaudela esango nuke. Parte hartzen gabiltzan proiektuetan %100ean egotea gustatzen zaigu Jokini eta bioi. Orain, Punto de partida lanagaz gabiltza eta ezinezkoa da proiektu biak modu eraginkorrean aurrera eramatea. Ez dut esango taldearen amaiera denik.

Non ikusi ahalko zaitugu laster?
Aurkezpen txikiak egiten nabil orain. Disko sinadurak eta kontzertu akustikoak. Malagan hasi nintzen, Bartzelonara joan nintzen gero, eta Bilbon ere egin dut aurkezpena. Baita Valentzian ere. Hile bi barru hasiko gara kontzertuekin, eta diskoa entzuteko denbora eman gura diogu jendeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!