Hauteskundeak

Zornotzarako programa “anbiziotsu, baina egingarria” aurkeztu du EAJk

Joseba Derteano 2019ko mai. 10a, 14:51

Herrigunea irisgarriago egiteko hainbat proiektu zerrendatu dituzte eta elkarteen arteko bilgune izango den Elkarte-Enea sortu gura dute, besteak beste.

Herritarren proposamenak aintzat hartuta osatutako hauteskunde programa dela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkategaiak: “Uste dugu zornotzarrek eskatutako kontuak jaso ditugula”. Oro har, programa "anbiziotsu, baina egingarria" dela uste du EAJko alkategaiak.

Oinezkoen eta ziklisten irisgarritasuna hobetzea “lehentasunetako bat da”, Agirrebeitiaren esanetan. Horrela, Larrearako bidegorria San Isidroraino luzatu eta Zornotza erdigunetik Montorra auzoraino oinezkoen bidea eraiki gura dute. Horrez gainera, Luis Urrengoetxea Karmen kalearekin lotzeko igogailu bat egitea aurreikusten dute.

Azpiegiturak dira beste ardatz bat. “Kirola eta kultura dira inbertsio onenak”, Agirrebeitiaren iritziz. Esaterako, Elkarte-Enea sustatuko dute, elkarteek eurek kudeatuko luketen gunea, beraien arteko lankidetzarako tresnak eskainiz. 2020ko urtarrilean musika eskola berria martxan egotea, Betarraganen Urgozoko kiroldegia egitea eta Ganeko azpiegiturak handitzea dira beste proiektu batzuk.

Aukera berdintasunari dagokionez, Nagusien Kontseilua eratu gura dute. “Diagnostiko bat egitea, arazoak detektatzea eta irtenbide hobe bat eskaintzea dira helburuak”, Agirrebeitiak azaldu duenez. Horrez gainera, estalitako jolasgune berri bat egin eta Betarraganen aparkatzeko 150 plaza berri sortu gura dituzte. Enplegua sustatzen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean sakontzen jarraituko dutela adierazi dute.

Azkenik, kale eta auzo asko hobetzeko eta berrurbanizatzeko proiektuak iragarri dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!