Zornotzako EAJren udal hautagaitza jendaurrean aurkeztu zuten atzo

Joseba Derteano 2019ko mar. 27a, 11:16
Zornotzako EAJren udalerako hautagaien argazkia.

Hurrengo lau urteetara begirako programaren ildo nagusiak ere azaldu zituzten.

Andoni Agirrebeitia alkategaia eta zerrenda osatzen duten 19 lagunak batu zituen ekitaldiak. Hauteskunde programa Sarea parte hartze prozesuaren bidez osatu dutela eta herritarren 523 ekarpen jaso dituztela azaldu zuten. Lau ardatz nagusitan banatu dute euren programa, ohar batean informatu dutenez.

Azpiegiturak: Musika Eskola ireki eta Kirolgane eraikiko dute. Azpiegitura berri horrek jasoko ditu gaurko igeritokiak, tenis pista bat eta hiru padel pista, denak estaliak. Urgozo kiroldegia irekiko dute, Ixerbekoa ordezkatuko duena.

Zornotzarrak, oinezkoak: Oinezkoentzako “herri adeitsuagoa” egiteko Konbenio, Txiki-Otaegi eta Anboto kaleetan proiektu “eraldatzaileak” abian jarriko dituzte.  Auzoetan inbertituko dute, hala nola, Astepe, Bernagoitia, Boroa, Kimera eta Dudeako Mikel Deunan. Umeen bigarren jolastoki estalia egitea eta gazteentzako aisialdi-gune berriak sortzea zein daudenak eraberritzea dira hauteskunde programako beste puntu batzuk.

Irisgarritasuna: Oinezkoentzako ibilbide berriak egingo dituzte Montorraraino, txirringaz joateko ibilbideak ere Larrako bidegorriarekin lotzeko eta Isidro Deunaraino luzatuz. Durangaldeko bidegorri sarearekin lotzeko urratsa emango dute. Bi igogailu jarriko dituzte Karmen eta Andrandi-Santa Ana kaleetako irisgarritasuna hobetzeko.

Aukera berdintasuna: Pertsona denekin “tolerantea” den eredua sustazea dute helburu. Nafarroa Zentroaren erreforma integrala egin eta Helduen Kontseilua eratuko dute, nagusien “beharrak entzuteko" eta horiek kontuan hartuta "estrategiak planteatzeko”. Udal enplegu plan integrala egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!