Zornotza Saskibaloi Taldeak babesle alemaniarra aurkitu du

Joseba Derteano 2019ko ots. 14a, 17:26

Trienekens multinazionalak Zornotzan planta bat du eta eurekin akordioa lotu dute.

Zornotza Saskibaloi Taldea estu zebilen. Klubetik behin baino gehiagotan adierazi dute Zilarrezko Ligan jarraitzeko babesle indartsuren baten beharra zutela. Bada, lortu dute laguntza hori. Trienekens multinazional alemaniarrak Zornotzan du Europa hegoaldeko planta nagusia eta  akordioa lortu dute eurekin, klubeko webgunean iragarri dutenez. Hondakinen kudeaketa integrala jorratzen duen enpresa da. Zornotzako klubetik “esker oneko” agertu dira eta Zilarrezko Ligako proiektuari jarraipena emateko lagungarri izango zaiela azaldu dute.

Asteburuan bertan estreinatuko dute publizitatea kamisetetan. Igoera faseari begira, partidu garrantzitsua jokatuko du Zornotzak zapatuan, 20:00etan, Larrea kiroldegian. Avila taldea izango du aurkari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!